Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Arraun Lagunakek sailkapen nagusian kolpea eman du Txingudiko Bandera irabazita

Arraun Lagunakek irabazi du Txingudiko Bandera eta Euskotren Ligako lidertza sendotu du, Orio, bigarren sailkatua, hirugarren helmugaratu baita. Bost estropaden faltan, 58 puntu ditu Lugañeneko ontziak, oriotarrek baino bost gehiago. Tolosaldeak eutsi egin dio laugarren postuari.

Arraun Lagunakeko eskifaia Hondarribiko garaipena ospatzen.
Arraun Lagunakeko eskifaia Hondarribiko garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bandera bat baino zerbait gehiago irabazi dutelakoan daude Arraun Lagunakekoak, nahiz eta Hondarribin erdietsitako garaipenaren ostean egindako adierazpenetan zuhurtzia nagusi izan den. «Pixkana-pixkana joango behar dugu. Egunerokoan lana egin behar dugu, bost puntuko errenta hori gurea da baina edozer gerta liteke», esan du Lugañene ontziko patroi Andrea Astudillok.

Denboraldiko hirugarren bandera astindu du Arraun Lagunak-ek, hiru estropada jarraian bigarren bukatu ondoren. Hain zuzen ere, erregulartasun horrek eraman dio lidertzan mantentzera eta Txingudiko Bandera irabaztea kolpe garrantzitsua izan da sailkapenean. Izan ere, Donostiarrak bukatu du Orio eta Lugañeneren artean eta beraz, bi puntutan handitu du aldea Etxabek entrenatutako eskifaiak.

Nadeth Agirreren patroitzan, oriotarrak kale eskasenetan aritu dira Hondarribiko uretan, Bidasoa ibaiaren korrontearekin nor baino nor borrokan. Lehen luzean Donostiako bi traineruak izan ziren onenak eta denbora berarekin iritsi dira ziabogara; dena dela, bi segundo jan die Oriok eta azken txanpara arte irekita egon da estropada.

Lauzpabost segundora mantendu da Orio, bai Donostiarra eta bai Arraun Lagunakekiko. Tolosaldea atzean geratu da eta, azkenean, 92 ehunenekoarengatik eutsi dio laugarren postuari. Tolosako trainerua hain atzean geratuta, Astudillok bigarren kalera mugitu du bere ontzia, Orio gertutik jarraitzeko. Izan ere, donostiarren helburua, hasi eta buka –hala entzun da lehen luzean ere– Orio gertutik begiratzea izan da, eta kosta ahala kosta, bere aurretik helmugaratzea.

Bere aurretik ez ezik, Donostiarra bien artean kokatzeak, sekulako hauspoa eman dio Lugañene baserriko ontziari. «Nahiko erregularrak izaten ari gara eta horrelako garaipenak ondo etortzen dira», onartu du Astudillok.

Bost estropaden faltan, bost puntuko aldearekin dago lidertzan Arraun Lagunak eta fio ez badira ere –Galizian bi estropada jokatu behar dituzte, estropada eremu ezezagun batean–, ospatzeko moduak agerian utzi du garaipen bat baino zerbait gehiago izan dela.

Lehen txandan, bestalde, Hondarribia izan da azkarrena eta berriro ere, ohorezko txandan lehiatzetik ehuneneko gutxira geratu da. Sailkapen nagusian bosgarren postua kasik ziurtatuta, koska bat gehiago egin nahi dute estropada bakoitzean baina oraingoz Tolosaldeak laugarren postuari eusten jarraitzen dio. Dena dela, euren txanda irabazita –gainera kale eskasenetik– pozik agertu da Miren Garmendia, ligako patroirik onena. «Kale eskasena izanagatik ere, berriro ona egin dugu. Etxean lehiatuta, motibazio extra bat geneukan eta txanda irabaztea eskertza moduko bat izan da zaleentzat», adierazi du.

Cabok egin du seigarren, etxeko ontzitik segundo batera eta Hibaika, lehen luzean txukun aritu bada ere, itzulerakoan denbora galdu eta azkenaurreko lekuan bukatu du, Tiranen aurretik.

Euskotren liga - XV. Txingudiko bandera

1. Arraun Lagunak 10:48.62
2. Donostiarra 10:50.78
3. Orio 10:56.99
4. Tolosaldea 11:06-00
5. Hondarribia 11:06.92
6. Cabo 11:08.40
7. Hibaika 11:18.62
8. Tiran 11:46.54

Euskotren liga - Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak 58 puntu
2. Orio 53
3. Donostiarra 46
4. Tolosaldea 44
5. Hondarribia 35
6. Hibaika 23
7. Cabo 18
8. Tiran 10

Kaiku nagusi Ondarroako uretan

ETE ligan, Kaikuk bosgarren garaipena lortu du Ondarroako XXXIX. Banderan, eta ligako lidergoa sendotu du. Sestaoko traineruak, 11:04.73 denborako erlojupekoarekin, argi eta garbi irabazi dio Zumaiari, bere arerio zuzenari, hamabi segundoko aldearekin. Hirugarren Astillero izan zen, lehen txanda irabazita. 

Deustu, Zarautz (ohorezko txandan), Hernani, Ondarroa eta Portugalete izan dira, hurrenez hurren, estropadako sailkapena osatu zutenak.

Behin 14 hitzordu puntuagarrietatik bederatzi jokatuta, ETE Ligako sailkapen nagusian Kaiku da buru, 67 punturekin eta Zumaiarekiko hiru puntuko aldearekin (64). Hirugarren Zarautz da (48), laugarren Deustu (47), bosgarren Astillero (41) eta Ondarroak (27), Hernanik (21) eta Portugaletek (9) ixten dute taula.