Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Sailkapen nagusian tartea ireki du Urdaibaik, Hondarribian indartsuena dela erakutsita

Sasoiko seigarren bandera astindu du Urdaibaik eta ligako indartsuena dela erakutsi du Hondarribiako ur nahasietan. Etxeko traineruak ezin izan du estropada salbatu eta bosgarren bukatu du; ondorioz, ‘Bou Bizkaiak’ tartea ireki du sailkapen nagusian. Santurtzi kanporatua izan da.

Urdaibaiko eskifaia Hondarribiako banderarekin.
Urdaibaiko eskifaia Hondarribiako banderarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kanpotik hotz baina «barrua bero». Halaxe bukatu du Hondarribiako estropada Urdaibaiko patroi Gorka Aranberrik, denboraldiko seigarren bandera astinduta. Eta ez da izan edonolako bandera, baizik eta arerio zuzenaren etxean eskuratutakoa, “Ama Guadalupekoa”-ari bi puntu gehiago aterata eta lidertza are gehiago sendotuta.

‘Bou Bizkaiak’ irekitako tartea handiagoa izan zitekeen, estropada osoan Hondarribia bosgarren denbora onena markatzen joan baita, baina azken txanpan eguna salbatzeko asmo zuzenarekin bi postu errekuperatzea lortu du –ehuneneko gutxi batzuengatik– eta hala, puntu galera ahalik eta gehien minimizatzea lortu du. Hain zuzen ere, Urdaibaik egin zuen berdina pasa den astean, Santurtziko estropada eremuan, eta larunbat honetan, paperak elkartrukatu zituzten.  

Hasi eta buka nagusi izan da Bermeoko ontzia baina bandera irabazteko emozioa azkenera arte egon da, azken txandan haize bolada indartsuagoak sartu eta Oriok egindako estropada txukuna oso kontuan hartzekoa izan baita. Gorka Aranberri berak ere zalantza asko zituen ohorezko txandan banderaren garailea aterako ote zen baina «hirugarren luzean haizea pixka bat apaldu denez» oriotarren denbora hobetzea lortu dute, bost segundoz. ‘Mirotzak’ ohorezko txandan arituko dira bihar, Lekeition, itsaso bizi-bizian, gaur «denboraldiko estropadarik onena eta konpletoena egin» ostean, Jokin Etxegarairen esanetan. Bandera astintzearen aukera mahai-gainean egon zen baina «hobe da hankak lurrean izatea; amestea polita da baina errealitatea ere ikusi behar dugu . Guk gurea egin dugu eta pozik gaude», adierazi du.

Haizea zakartu

Hondarribiako estropada eremua ere bihurria izan ohi da eta gaurkoan ez da gutxiagorako izan. Itsasoa bizitu eta haizea indartu egin da, eta horri batu behar zaio Urdaibai laugarren kaletik aritu dela eta Hondarribia lehenengotik, hasiera batean eskasena dena. Dena dela, Aranberrik ondo esan legez, kale onak ere probesten jakin behar da eta horixe egin dute bizkaitarrek, arerioei aukerarik eman gabe.

Agerian da ligako trainerurik indartsuena dela, hamar bandera jokatuta sei astindu baititu ‘Bou Bizkaiak’, bi Hondarribiak, bat Donostiarrak eta beste bat Zierbenak, atzo ere oso dotore arraun eginda.

Santurtziren kalapita

Sailkapenaren goialdean ez ezik, behe-aldean ere bazegoen zer jokoan eta Santurtzik adio esan die liga erregularrean salbatzeko aukera ia guztiei. Egindako lan dena zaborrontzira bota dute azken luzean, Kaikuren kalean sartu eta arraunek elkar ukitzean, modu nabarmenean. Epaileen lehen abisuari jaramonik egin ez eta azkenean, kolpea saihetsezina zenean, bandera berdea erakutsi die Soterari. Lehen txandan denbora onena egiten ari zen eta Kaikuk bere kalea defendatu du. Hala, azken lau jardunalditan Santurtzi protagonista izan da hirutan, baina modu txarrean, eta horrek talde barnean hautsak harrotuko ditu. Guar ez du punturik batu eta Ondarroa, salbazioa markatzen duen azken taldea, 12 puntura aldendu zaio, zazpi estropada puntuagarrien faltan.

Kalapita handiagoa izan zitekeen, une batez Samertolameuren denbora Lekittarrarena eta Caborena baino hobea baitzen. Azkenean, baina, Meirako ontziak bi puntu besterik ez dizkio jan sasoiaren bigarren zatia luze egingo zaion Soterari.

Eusko Label liga - XXXVI. Hondarribiako bandera

1. Urdaibai 19:58.67
2. Zierbena 20:01.52
3. Hondarribia 20:03.76
4. Orio 20:03.91
5. Donostiarra 20:14.85
6. Getaria 20:26.48
7. Cabo 20:29.50
8. Kaiku 20:34.97
9. Ondarroa 20:42.88
10. Lekittarra 20:56.21
11. Samertolameu 20:56.80
12. Santurtzi - Kanporatua

Eusko Label liga - Sailkapen nagusia

1. Urdaibai 111 puntu
2. Hondarribia 108
3. Zierbena 102
4. Donostiarra 82
5. Orio 71
6. Getaria 60
7. Cabo 59
8. Lekittarra 54
9. Kaiku 44
10. Ondarroa 39
11. Santurtzi 27
12. Samertolameu 22