Bolidoen jaitsiera azkarrek uzten duten soinuen goiza izan da Gasteizen, abiadura handikoa, oihu asko eragin dituena baina puntu dotore berezia erakutsi duena. Ibilgailuen diseinuak gero eta maila handiago bat erakusten du.
Egunak, gainera, beste errekonozimendu ekitaldi bat izan du Gorka Ortiz de Urbinari eskainia. Hunkituta kontatu dio NAIZ-i jai biziak izaten ari direla, eta «errusiar mendi» gisa bizi ari dela.
San Bizente aldapan Gasteizko VI. goitibehera jaitsiera egin dute Los Alegrios kuadrillakoek. Sekulako jendetza bildu da inguruetan, lasterketak dituen hiru buelta ikusteko. Eta ikustekoa izan da, zeren ahalegin handi bat ikusi da aurten ibilgailuen apainketari dagokionean.
Lasterketa hasi aurretik ibilgailuen irteera lekura hurbildu da NAIZ. Bertan, Jon Ander Hernandezi eta Mikel Sanchezi gidatu behar zuten ‘Mariokart’ bolidoaren inguruan galdetuta, kanpoko itxura doitzen eman dute denbora gehien, 50 ordu inguru, esan dutenez. Pasa den urtean, originalenak izan ziren. «Azkarrenera ez gara inoiz lehiatzen», onartu dute.
Aurrean beste lehiakide dotore bat izan du ‘Mariokart’-ek, Batasuna kuadrillako ibilgailu apaina. Kuad baten muturra, Seat Panda baten hainbat pieza... «Orduak sartu ditugu, bai, lau astetan arratsaldero ibili gara», azaldu du Carlos Diaz de Ceriok.
Beis koloreko traje jantzita, gorbata, abarkak eta guzti «Batasunaren kamioiaren erreplika zehatza» dela azaldu du. «Azkarra da, uste dut irabaz dezakeela», adierazi du ibilgailuen gurpiletara begira.
Estilo askotako tramankuluak ikusi dira gaurko proban, baina errodamendu klasiko oso gutxi, gero eta gutxiago. Oso maila handia egon da diseinuari dagokionez. Iberdrolak Confebask eraman zuen lehen buelta batean, muturrean orgatila zuen ibilgailuan; «bigarren bueltan Osakidetzak PNV eramango du eta 3 itzulera erregeen itzulera irudikatuko dugu, ‘Viajes Dubai’ dioen kartel batekin», kontatu digute.
Barbian inspiratuta, edo trainera baten itxurako ibilgailuen artean, horrelako lasterketetan serio ibiltzen dne jendea ere egon da, Izarrako Lakatonbe Sport taldeko kideak kasu. Euskal Inertzia Kopan ari dira lehiatzen, estatu mailan bere kategorian bakarra den ibilgailu bat eraman dute Gasteizera, eta Bilboko Aste Nagusian ere izango dira. Izan ere, bigarren doa Joseba Bilbao eta hirugarren Pablo Arana NAIZekin hitz egin dutenean.
Publikoaren artean parte hartzeko arrazoi asko aurkitu dugu, baina nostalgia izan da errepikatuena. «Zenbat goitibehera egin ditugu txikitan herrian, hori zen kuadrillaren dibertimendua», adierazi dute goitibeheren jaitsiera lehen aldiz ikusten zuten Idoia eta Guillermo gasteiztarrek.
Emozioen gorabeherak
Oihuen arteko jaitsieraren metro gutxi batzuetara, Andra Mari Zuriaren oinetara Los Txismes kuadrillak ‘Ohorezko Txisme Saria» eman dio igande honetan Gorka Ortiz de Urbinari.
Nabarmen hunkituta jaso ditu kuadrilla kideen besarkadak baita lepoan jarri dioten bere izen-abizenak grabatuta dituen zapi gorria ere. «Aupa Gorka» eta «gera zaitez beste hogei urte» bezalako oihuen artean joan da ekitaldia, eta aurreskua eta lore eskaintzarekin amaitu da.
«Jaiak primeran doaz baina ni neu errusiar mendi batean nago, pozik, negarrez... oso hunkigarriak izaten ari dira», adierazi du Ortiz de Urbinak.