Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Arraun Lagunak-ek eta Urdaibaik asteburu bikaina osatu dute Lekeitioko itsaso zakarrean

Arraun Lagunak-ek astindu du XII. Euskotren Bandera eta Urdaibaik XXXVIII. El Correo Ikurrina, Lekeitioko itsaso zakarrean trebeenak izanda. Hala, Lugañeneko ontziak eta ‘Bou Bizkaiak’ asteburu bikaina osatu dute, bi bandera irabazi eta lidertza are gehiago sendotuta.

Andrea Astudillo, liderraren maillota, txapela eta XII. Euskotren banderarekin.
Andrea Astudillo, liderraren maillota, txapela eta XII. Euskotren banderarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zikin, bihurri, zakar azaldu da igande eguerdi honetan Lekeitioko itsasoa eta estropadetako beste protagonista bat gehiago izan da. Dena dela, ezustekorako tarte gutxi utzi du, Euskotren ligan zein Eusko Label ligan ohorezko txandetatik atera baitira banderaren irabazleak, bezperako berberak: emakumezkoetan Arraun Lagunak eta gizonezkoetan Urdaibai, sailkapen nagusietan beste koska bat gehiago irekitzeko.

Euskotren ligari dagokionez, Lugañeneko ontziak bikoiztu egin du aldea. Oriorekiko hiru puntuko abantaila seira handitu du eta, lau estropada puntuagarriren faltan, kontuan hartzeko koska izan daiteke. Ez erabakigarria, Tolosaldeak eta Donostiarrak-ek erakutsi baitute bi oilarren artean koka daitezkeela edozein estropadatan. Izaro Lestayoren patroitzarekin Tolosako ontziak gogor egin die “mirotzei” lehendabiziko luzean, baina ziabogaren ondoren Oriok hortzak estutu eta liderrarekiko aldea ahalik txikiena izatera jo dute, bezperan Hondarribiko uretan gertatu zena saihestu eta puntu bat bada ere salbatzeko.

Arraun Lagunakek, Andrea Astudillo patroiaren gidaritzapean, hasi eta buka, nagusitasuna erakutsi du. ‘Txiki’ ontziari ezinezkoa egin zaio indarrak parekatzea. Lugañeneko ontziak abantaila probesteko, laugarren kaletik lehenbizikora maniobra egin du poparean eta azken luze bikaina sinatu du. «Oso kontent gaude. Gogotsu ginen horrelako estropada bat egiteko. Esaten da itsaso zakarrean ez garela moldatzen, baina beste behin erakutsi dugu edozein baldintzetara moldatzeko gai garela», adierazi du Xubane Uribarrenak, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen konfiantzazko arraunlarietako batek.

Azken lau estropaden faltan, sei puntuko aldearekin ekingo dute astea, Galiziarako bidaia ortzimugan dutela. Estreinakoz lehiatuko dira Moañan eta Boiron, eta horrek ziurgabetasuna eragiten du. Alta, hankak lurrean izan nahi dituzte donostiarrek, «akatsak garesti ordaintzen dira-eta». 

Zazpigarren trapua Bermeora

Arraun Lagunakek asteburu bakar batean sailkapen nagusiko aldea bikoiztu egin badu, Urdaibaik hirukoiztu egin du. Bi puntuko aldearekin hasi eta seirekin bukatu du, liga are bideratuago utziz.

Urdaibaiko eskifaia XXXVIII. El Correo ikurrinaren garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Honek ere hasi eta buka agindu du estropadan –oro har, txanda guztietan lehen luzean nagusi izan denak irabazi du–. Bou Bizkaiak martxa ona hartzen duenean geldiezina da. Bigarren txandan Donostiarrakek egin duen denbora dotorea hamasei segundotan hobetu du. Kasik erlojupekoa bailitzan aritu dira bermeotarrak. Zierbena, ohorezko txandako bigarrena, Urdaibaitik 22 segundora iritsi da, eta Hondarribiak kalapita saihestu du, ehuneneko gutxi batzuengatik, laugarren denbora onena eginez galera apur bat gutxitu baitu. Dena dela, Urdaibaik liga hau galtzeko akats larri bat gertatu behar duen irudipena dago. Zazpi bandera astinduta, denboraldiko bigarren zati honetan motorra edukiko balute bezala arraun egiten dute.

Behealdean ere tarteak zabaldu egin dira, Santurtziren kaltetan. Ander Fernandez aritu da patroi, bezperan, Hondarribian, Garmak eginiko akatsaren ondotik. Hala ere, Sotera azkena izan da, eta Samertolameu eta bere artean Kaiku sartu denez –trakets aritu zen Kortaren taldea–, hiru puntuko aldea besterik ez dago galiziarren eta santurtziarren artean, zuzeneko jaitsiera eta play-down postuen artean.

Salbazioa are gehiago urrundu zaio Santurtziri, Ondarroak bost puntu baititu Lekeition eta 12 puntura kokatu da. Lekeitiok, bere etxean, lehen txanda irabazi eta meritu handiko seigarren postuan bukatu du. 61 punturekin lasai dira Isuntzan, iaz jaitsiera play-downak jokatu osteko sufrimendu guztiak uxatuta.

Eusko Label liga - XXXVIII. El Correo Ikurrina

1. Urdaibai 21:02.49
2. Donostiarra 21:18.66
3. Zierbena 21:22.41
4. Hondarribia 21:26.97
5. Getaria 21:29.12
6. Lekittarra 21:34.56
7. Orio 21:54.25
8. Ondarroa 21:59.84
9. Cabo 22:08.54
10. Sameurtolameu 22:08.94
11. Kaiku 22:26.16
12. Santurtzi 22:26.40

Eusko Label liga - Sailkapen nagusia

1. Urdaibai 123 puntu
2. Hondarribia 117
3. Zierbena 112
4. Donostiarra 93
5. Orio 77
6. Getaria 68
7. Cabo 63
8. Lekittarra 61
9. Kaiku 46
10. Ondarroa 44
11. Santurtzi 28
12. Samertolameu 25

Euskotren liga - XII. Euskotren Bandera

1. Arraun Lagunak 11:45.90
2. Orio 11:56.84
3. Tolosaldea 12:00.22
4. Donostiarra 12:20.52
5. Hondarribia 12:21.26
6. Hibaika 12:36.48
7. Cabo 12:54.02
8. Tiran 13:14.38

Euskotren liga - Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak 66 puntu
2. Orio 60
3. Donostiarra 51
4. Tolosaldea 50
5. Hondarribia 39
6. Hibaika 26
7. Cabo 20
8. Tiran 11