Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Mikel Ibarguren eta Ekain Albite
Negu kolektiboko kideak

«Euskal gatazka gure azalean bizi ez genuen gazteok egindako filma da ‘Negu Hurbilak’»

ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuela jakinarazi zuen urtean kokatzen da ‘Negu Hurbilak’ filma, protagonistak muga igarotzeko ihesaldian Zubietarekin egiten du topo. Zubietarrekin eta analogikoan grabatua izan da.

Errodajeko irudi batean, lau zuzendariak.
Errodajeko irudi batean, lau zuzendariak. (Negu Hurbilak)

«Inozentzia eta sinesmen askorekin» egindako filma da gaur Locarnoko zinema jaialdian aurkeztuko den ‘Negu hurbilak’ filma, zuzendarien arabera. Mikel Ibargurenek, Ekain Albitek, Nicolau Mallofek eta Adria Rocak osatzen dute Negu kolektiboa, eta gaur Suitzan aurkeztuko dute beren azken lana.

2011n kokatuta dago, borroka armatuaren garaian; ihesean Zubietara iritsi den Jone Laspiurrek gorpuztutako Ane pertsonaiaren istorioa kontatzen dute. Arduraz, harrotasunez eta eskuzabaltasun osoz kontatu dizkiote NAIZi filmaketaren barruak, beraien hausnarketak, kezkak eta zalantzak.

Zubietako herriarekin batera eraiki duten filma izan da, Laspiur izan ezik beste aktore guztiak hangoak izan direlako. Baina, batez ere, elkarrizketa askoren ondorioa izan da film luzea.

2011n kokatzen da istorioa. Euskal gizartean urte korapilatsuak izan ziren, eta Ibargurenen ustez «zerbait bukatzen ari zen usaina» zuen Euskal Herriko komunitateak. ETAk jarduera armatua bukatzen duela esatearekin hasten da, neska gazte baten ihesaldiarekin, muga igarotzeko helburuz. «Gatazkaren amaiera horrek hamaika aurpegi eta hamaika istorio zituela konturatu ginen, eta nik uste hortik harrapatu genuela garai konbultso horretan iheslari honen istorio hau. ‘Negu hurbilak’-en, gatazkaren barnean albo batean geratu den gatazka horietara gerturatzeko intentzioa izan dugu beti», dio Albitek.

Trantsiziozko garai eta gizarte batean gertatzen da Laspiurrek protagonizatutako Aneren istorioa, Ibargurenen arabera; azaldu du elkarrizketa asko izan dituztela garaia bizi izan zuten herritarrekin eta iheslariekin, eta horiek guztiek kontatutakoarekin osatutako puzzle moduko bat dela Ane.

Negu kolektiboak beti sentitu izan du «euskal gatazkaren hondarretatik oinez ibiltzearen sentsazioa», eta hortik abiatu dute kontakizuna.

Albitek adierazi duenez, «gure azalean bizi ez dugun gazte batzuk egin dugu film hau, bizi ez dugunok kontatzen dugu, eta nik uste hori interesgarria dela; ikuspuntu ezberdinetatik elikatzen delako». Eta gaineratu du hamaika interpretaziorako bide ematen duela, «kriptiko sentsazioa ematen du, norberaren sentsazioek ere lekua dutelako, badu magia eta misterio bat. Baina euskal gatazkak ere ez al du misterio handi bat bere barnean? Zenbat jendek bizi izan ditu zenbat gauza ezberdin?».

Ikuspegi propio bat

Orain arte euskal gatazkaz egin diren ikus-entzunezkoetatik «asko aldendu» direla onartu dute, alde humanoa erakutsi nahi izan dutela azalduz. Euskal gatazkaren iruditeria atxiloketei, poliziei edo ihesaldietako hamaika abentura eta ekintzei lotuta egon ohi dela diote.

Baina beraiek beste galdera ikur eta jakin min batzuek mugitzen zituztenez, beste perspektiba bat eman nahi izan diotela kontakizunari: «Jendeak ihesaldiak irudikatzen ditu oso modu aktiboan, hamaika abentura bizitzen diren bidaiak… Guk kontatu nahi izan dugu zer den harrapatuta geratzea eta esperoan bizitzea. Zenbat jende bizi izan da zerbaiten zain? Agonia batetik hitz egiten duen pelikula bat da, suspense giroez egina da, eszena aktiboez baino», esan du Ibargurenek.

«Kontatu nahi izan dugu zer den harrapatuta geratu eta esperoan bizitzea. Zenbat jende bizi izan da zerbaiten zain?»

Albitek berehala erantsi du orduan: «Askoz humanoagoa eta askoz sinpleagoa izan daiteke, baina horrek ere badu ikusgarritasuna. Apustu handia egin dugu hortik kontatu nahi izatean». Aitortu dute ez dela erraza suspensean eta itxaronaldiaren hausnarketan oinarritutako film bat egitea, eszena edo ekintza askoz gutxiago agertzea esan nahi baitu horrek.

Baina Albiteren hitzetan, buruko min handiena hori izan bada ere, zure burua sokaren aurka jartzerakoan hasten dira gauza politenak ateratzen: «Gidoia inoiz ez da existitu gu etxetik atera baino lehen; martxan jarri garenean existitu da, eta hori da, nik uste, gazteen artean eta horrenbeste loturarik ez duzun sorkuntza batek ematen dizun aukera; filma eta sorkuntza irekita egon dira bizitzara eta jendeak ematen zion horretara».

Ihesaldi bat Zubietara

Sorkuntza prozesua ere berezia izan da, aktore profesional bakarrarekin egin dute pelikula osoa, lan taldean hartu dituzte erabaki guztiak, eta Albitek azaldu bezala, bidea eginez osatu dute pelikula: «Atea jo eta bide bat arakatzen genuen, beste ate bat jo eta Zubieta ezagutu genuen. Gidoia osatzen horrela joan ginen».

Zubietan 2020ko inauteriak bereziak izan ziren Covidaren eraginez, eta orduan ezagutu zuen Negu kolektiboak herria lehen aldiz. «Besarkatu gintuzten eta onartu zuten pelikula batean parte hartzea, gu ezagutu gabe, pelikula zer izango zen jakin gabe», aitortu du Albitek.

Ibargurenek, aldiz, konparazioa egiten du beraien eta pelikulako protagonistaren artean: «Jonek egiten duen bidaiak eta guk egindakoak badu antzekotasunik: iritsiera bat dago, ezezagutza handi bat dago, kanpotarra izatearen sentipena… Horrela eraiki ditugu prozesua eta pelikula, eta batek bestea narratiboki eraikitzen lagundu du».

Irri txikiaz, Albitek gaineratu du: «Zubietako herria munduko herri onenetako bat da!». Eta apaltasunez baino harro, biek aitortu dute beti gogoratuko dituztela zubietarrak, eta baita alderantziz ere. Izan ere, gazteen ustez, «inork baino gehiago» konfiatu dute beraiengan.

Herri osoa inplikatu dela kontatu dute, eta, ezezagunak izan arren, horrelako pelikula bat zer den jakin ez arren, denek eman dutela beren onena. «Pertsona talde bat elkartzen da herri batekin eta erabakitzen dute pelikula bat egitea elkarrekin, eta egin egiten dute», hori da beraientzat prozesuaren laburpena.

Grabaketa egun batean, Jone Laspiur eta zubietar bat. (NEGU HURBILAK)

«Prozesu osoan ez balitz gure arteko inozentzia erabatekoa existitu, inoiz ez zen pelikula existituko», aipatu du Ibargurenek. Albite ere ados da pelikula bat ekoizteko «beste modu bat» ezagutu dutela, baina aldi berean uste du modu horretan baino ez zela posible horrelako film bat egitea.

Arriskuz betetako bidea izan da ‘Negu hurbilak’ filmaren grabaketa. Izan ere, kamera analogikoarekin eta aktore profesionalik gabe grabatzea erronka bikoitza da. Batetik, ezin duzu nahi adina filmatu, eta ondorioz eszena bakoitza gutxitan egin daiteke; eta bestetik, kamera aurrean lan egitera ohituta ez dagoen jendearekin, eta ondorioz ezin dira hogei entsegu egin.

Erronka bikoitza izan dute: aktoreak ez zirenekin filmatzea modu analogikoan; Hau da, eszenak nahi adina ezin errepikaturik.

«Bat-batekotik ere asko izan du, nahiz eta entseguak egin eta guztia oso pentsatuta egon, ez dakizu momentuan zer gertatuko den». Hala ere, esperientzia «oso polita» izan dela kontatu dute biek, eta pertsonalki zein profesionalki beste toki batean kokatu dituela.

Zubietako Beñardo

Bidean hartutako arriskuez gain, bidean sorpresak eta kasualitateak ere topatu dituzte. Horietako bat izan da Zubietako Beñardo ezagutzea. Dokumentazio lanetan garaiko jendea elkarrizketatzen zebiltzala, Ruper Ordorikaren ‘Isidrorena’ abestia deskubritu zuten. Horrela hasten da kantua: «Beñardo du izena baina luzaroan / Isidro deitzen zuten denek auzoan / entzun ezazue bere istorioa / patuak bizitza eskutik daroa»; eta ihesean urteak pasatu ondoren, Zubietan amaitzen du Ordorikaren kantuko Isidrok, edo Beñardok. Kontua da Negu kolektiboko kideek Beñardo bat topatu zutela Zubietan.

«Gure kasuan Zubietan baserri bat du Beñardok, eta asteburuero joaten da bertara. Euskal Herritik kanpo ihesean 25 urte pasatu ditu, eta hau izan da gure apustu arriskatuena», onartu du Ibargurenek.

Filmean pertsonaia garrantzitsua da Beñardo, eta oraindik ere ez dakite «antzezteko marroian» sartzeko nola konbentzitu zuten. Ibargurenek kontatzen du apustu zaila zela; izan ere, Beñardok etengabeko prestutasuna adierazten zien traktorearekin laguntzeko, ardiak behar ziren lekura eramateko, lastoa ekartzeko… Baina azken unera arte ez zuen jakin antzeztuko zuenik. «Zaila zen baiezkoa. Berak ez zekien antzezten, erdi kubatarra da, euskara erdi galduta izan du… baina urrea ikusten genuen berarekin geunden bakoitzean, eta arriskatu behar genuela ikusi genuen». Eta ongi atera zitzaien.

«Polita izan da Beñardo elkartzea gure protagonista gaztearekin, garai bereko bi ikuspegi. Gatazkaz hitz egiteko beste modu bat egon da, oso sutila zena, baina oso interesgarria. Bi belaunaldi hauek harrapatuta geratzen dira zerbaiten amaiera horretan, eta itxaropen oso gutxiren aurrean. Horrek ematen dituen elkarrizketak oso politak dira», esan du Ibargurenek.

Albitek oraindik ilusioz kontatzen ditu Beñardorekin topo egin eta sortutako elkarrizketak: «Beste film konbentzional batean aktore bat kontratatuko lukete eta hura inplikatuko zen Beñardo ezagutzen, eta kito; baina guk hortxe genuen, berarekin hizketan ari ginen, eta sentitzen genuen ezinezkoa zela berari buruzkoa ere bazen pelikulan, bera hor egonda, bera ez ateratzea. Antzeztuko zuen hobeto edo okerrago, baina bera da, eta altxorra hor dago».

Gainera, beren kolektiboarekin bat datorren filosofiaren parte ere bazela azaldu du: «Zinema jendearengana jaisteko filosofia ere badugu, eta besarkatzeko humanotasun eta naturaltasun hori. Pertsonak hor egotea, eta pertsonek egitea». Aurrerantzean ere kontatu gabekoak kontatzeko gogoz antzematen zaie.