NAIZ

Musteriense garaiari lotutako giza okupazioaren ebidentziak aurkitu dituzte San Adrianen

San Adriango tuneleko 2023ko arkeologia-lanek emaitza «oso interesgarriak» eman dituztela ziurtatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Erdi Paleolitoarekin (Musteriense garaia) lotutako giza okupazioaren «ebidentzia argiak» aurkitu dituzte, zehazki hainbat fauna-zati eta dozena bat harrizko tresna.

San Adriango indusketa lanak.
San Adriango indusketa lanak. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

2008. urtetik ari da Aranzadi Zientzia Elkartea San Adriagon tuneleko indusketa lanean eta, aurtengo lanaldia amaituta, emaitza «oso interesgarriak» bildu dituztela ziurtatu dute. Kanpainan hamar bat ikasle eta boluntariok hartu du parte, Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Moraza, Manu Zeberio eta Jesus Tapia arkeologoen koordinaziopean, eta lanak bi sektoretan egin dira: baselizan eta ostatu inguruan.

Antzinako baselizatik hurbilen dagoen eremuan bildu dituzte emaitza onenak, bertan Erdi Paleolitoarekin (Musteriense garaia) lotutako giza okupazioaren «ebidentzia argiak» aurkitu baitituzte, zehazki hainbat fauna-zati eta dozena bat harrizko tresna.

«Hezur horietako gehienek gizakiek erabili dituztenaren zantzuak dituzte: hezur kolpatuak eta muina ateratzeko hautsiak», azaldu dute Aranzaditik, eta harrizko tresnei dagokienez, lauzak eta karrakagailu bat aurkitu dira, silexean (Urbasa eta Trebiñutik ekarria) zein hareharrian eginak. «Teknika oso espezifiko eta berezien bidez egindako piezak dira, Neandertalen giza taldearekin zuzenean erlazionatzen gaituztenak», nabarmendu dute.

Pieza hauek kanpainaren amaieran agertu zirenez, datorren urtean arkeologia taldeak Neanderthalen arrastoa jarraituko du San Adrianen.

Neanderthalak San Adrianen

Neanderthalek Eurasia okupatu zuten duela 240.000 eta 40.000 urte arteko garaian, eta haien desagerpenari buruzko inkognitek punta-puntako ikerketa arkeologikoak eragin dituzte mundu mailan. Aranzaditik nabarmendu dutenez, «inoiz ez da neanderthal kulturarik aurkitu San Adrian bezalako altitude handian, 1000 metroko altueran».

Bigarren kokalekuan, garai bateko ostatuaren inguruan, indusketa lanek agerian utzi dute bertan horma handi bat zegoela, 13 metro luze eta 1,20 metro zabal zituena. Harresi hori XI-XII. mendeen unguruan egokitutako gotorleku militar izan zitekeela ere aipatu dute. «Gaztelu hori Iruñeko Erresumak eraiki ahal izan zuen, gaur egungo Gipuzkoa, Araba eta Nafarroaren arteko sektore estrategiko horren kontrola bermatzeko», azaldu dute.