Amaia U. Lasagabaster

Esperientzia lagun, helmuga desberdinetara doazen bideetan

Urtebete geroago, Bigarren Mailara bueltan, Amorebietak gaur ekingo dio Lezaman futbol profesionaleko bigarren saiakerari. Eibarrek bihar emango dio hasiera denboraldiari, aurreko bietan lortu ezin izan duen igoera helburu duela.

Arbilla eta Eraso baloiaren lehian, Eibar eta Amorebietaren arteko lagunartekoan.
Arbilla eta Eraso baloiaren lehian, Eibar eta Amorebietaren arteko lagunartekoan. (SD AMOREBIETA)

Bi euskal ordezkari lehiatuko dira aurten ere Bigarren Mailan. Kategoriari agur esan dion Alavesek bezala, Amorebieta jausi eta lehen saiakeran altxatu zen eta Eibarrekin batera arituko da. Talde armaginak, bigarren urtez jarraian, huts egin baitzuen igoera fasean.

Orain dela bi urte bezala, talde bizkaitarrak mailako aurrekontu xumeenetakoarekin borrokatu beharko du, baina oraingoan ondo daki nora heldu den. Klubaren arduradunek eta kirol egituraren bizkarrezurrak, gutxienez, bai: nahiz eta Bigarren Mailan debutatu zuen taldeko futbolari askok jada ez duten jarraitzen elastiko urdina defendatzen.

Bederatzigarren denboraldia beteko du Asier Goiria Kirol Zuzendariak karguan eta orain dela urte eta erdi, taldea Bigarren mailan sufritzen zegoela, Iñigo Velez ordezkatuz, aulkiko bigarren lerrotik lehenera pasatu zen Haritz Mujika izan dira Amorebietaren itzuleran arduradun nagusiak. Eta berdin jarraituko dute. 1. RFEFko txapeldun amaitu zuen taldeko hamar futbolari izango dituzte aldagelan; besteak beste, Iker Seguin kapitaina –Unai Marinorekin batera Amorebietarekin Bigarren Mailan jokatu duen bakarra– eta Eneko Jauregi golegilea.

Sekulako denboraldia egin zuen iaz muxikarrak –1.RFEFko II multzoko golegile nagusiak–, baina errendimendu horri eusten badio ere, nekez izango da nahikoa talde zornotzarrarentzat, hain liga luze eta exijentean lehiatzeko. Aurreko denboraldiko golen %50a sartu zuten futbolariak ez daude Urritxen dagoeneko, fitxatutako jokalari gehienek zelai erditik atzera jokatzen dute eta, udan Luis Quinterok punteria duela erakutsi duen arren, merkatuaren azken txanpan erasoa indartzeko izango dira urdinen kirol arduradunen ahalegin gehienak.

Izan ere, Pablo Cuñaten etorrerarekin, atezain gehiago ditu Amorebietak aurrelariak baino. Levantek utzitako futbolariarena da Zornotzara aurten heldu den bederatzigarren aurpegi berria eta, momentuz, etorkizun handia aurreikusten zaien utzitako jokalari eta taldeari esperientzia emango dioten futbolarien arteko oreka bilatu du merkatuan.

Mugimenduak egongo dira fitxaketa epea amaitzeko falta diren hiru aste luzeetan, baina egun dituen 19 gizonekin emango dio hasiera Amorebietak gaur denboraldiari, Levanteren kontra Lezaman (19.00); udako lagunartekoek utzitako emaitza eta, batez ere, sentsazio onen bermearekin.

Artaziak

Urdinek denboraldiaurrean gainditutako taldeen artean –urrian gurutzatuko dira berriro, oraingoan partida ofizialean– dago Eibar.

Gipuzkoarrek Amorebietak baino aldaketa gutxiago egin dituzte taldean; egituran eman dira aldaketa gehien. Oraingoz, behintzat, Stoichkoven, Corpasen eta Tejeroren jarraitzea ezin izango da segurutzat jo irailaren batera arte.

Berritasun handiena, zalantzarik gabe, aulkian dago. Bigarren urtez jarraian igoerak azken unean ihes egin ondoren, klubak amaitutzat jo zuen Gaizka Garitanoren zikloa, eta Joseba Etxeberriak hartu du bizkaitarraren lekukoa. Planeatutako amaierarik gabeko bigarren denboraldiak ondorio gehiago izan ditu, eta artaziak erabili behar izan dira diru-sarreren murrizketa arintzeko; nahiz eta, jaitsi zenean egindako hiru urtetarako proiektuari jarraituz, klubak kutxa gotorrean duen dirutzatik hainbat miloi hartu dituen.

Mugimendu guztiak bere gustukoak izan ez badira ere, Eibarrek sarrera-irteerako ateak zabaldu ditu. Lan ona egin zuten Nolaskoain eta Imanol, adibidez, Athleticera itzuli dira, eta Javi Muñozek Lehen Mailan jokatuko du Las Palmasekin, berritzeko eskaintza ukatu ondoren. Iaz utzitako Franchu eta Yriarte itzuli dira berriz –ikustear dago lekua izango duten, batez ere argentinarraren kasuan–, eta dagoeneko lau fitxaketa egin dituzte armaginek, horietako hiru utzita heldu badira ere.

Unai Vencedorrek hartu du Imanol eta Nolaskoain zuri-gorrien lekukoa, Olympique Marseillek De la Fuente utzi du, eta Deportivok Mario Soriano. Cristian Gutierrezi, berriz, lau urtetarako kontratua egin egin dio klub armaginak. Gainera, bigarren taldeko hiruzpalau jokalariri minutu dezente eman die gazteekin lan egitea gustuko duen Joseba Etxeberria elgoibartarrak, eta baliteke euren ekarpena anekdotikoa baino gehiago izatea datozen hilabete hauetan.

Edozein kasutan, 26 jokalarirekin ekingo dio entrenatzaile gipuzkoarrak bihar Santanderren Racingen kontrako partidarekin (19.00) hasiko den denboraldiari. Asko dira, eta, hala ere, arazoak izan ditzake erasoko postuetan, lesionatuta baitaude Jon Baustista, Jose Corpas eta udan minuturik jokatu ezin izan duen Stoichkov.

Lehendabiziko egunetik hasita, igoera izango da talde armaginaren helburua; Amorebietak, bestalde, bigarren saiakera honetan mailari eusteko borrokatuko du denboraldi luze honetan.