NAIZ

Sorian faxistek jipoitu zuten realzalea eta auto istripuz zendutako anaia omendu ditu Bultzadak

Anoetan 2023-2024 denboraldiko lehen partida hasi baino lehenago, omenaldi hunkigarria egin du Bultzada Txuriurdina taldeak. Abuztuaren 4an Donostian jazotako autoistripuan hil zen David Aranbururi azken agurra eman diote, bere anaia Ion, Sorian faxistek jipoitu zuten realzalea, bertan zela.

David Aranburu realzalea auto istripuz hil zen.
David Aranburu realzalea auto istripuz hil zen. (@BULTZADATX)

Reala eta Gironaren arteko norgehiagoka hasi aurretik, denboraldiko lehen partida ofiziala, omenaldi xume eta hunkigarri batek hartu du indarra Donostian. ‘Bultzada Txuriurdina’ zale-taldearen ekimenez, abuztuaren 4an, auto istripuz bizia galdu zuen David Aranburu ‘Tximist’ donostiarrari azken agurra eman nahi izan diote Amaran. Bide batez, bere anaia Ion Aranbururi ere zuzendutako ekitaldia izan da, maiatzean Sorian faxistek jipoitu eta larri zauritu zuten realzalea, hain zuzen ere.

«Tximistek urte askotan harmaila txuri-urdinarekin izan duen lotura azpimarratu nahi genuke», esan dute bere gertukoenek, ekimen hau aurrera ateratzeagatik ‘Bultzada’ taldearekin eskertuta daudela adieraztearekin batera. «Nerabezarotik Mujikako talde kide izanik, Atotxako garai ero eta basatiak bizi, Anoetako garai berrietara pasa eta gaur egungo Aitor Zabaletaraino», errepasatu dute Tximisten ibilbidea, beti ere bere bihotzeko taldea gertutik animatzeko. 

«Hainbait bitxikeri, aldarrikapen eta kondaira igarotakoa. Ehundaka istorio barnean gordeko ditugunak; garaipenak, porrotak, algarak eta negarrak. Topa egin dezagun, beragaik, elkarrekin bizitakoengatik eta inoiz ahaztuko ez ditugunagatik. Agur eta ohore, lagun! Gora Antigua, gora Euskal Herria, gora Tximist!», adierazi dute, inguruan elkartu diren zale txuri-urdin eta gertukoenen txalo zaparradarekin.

Mikel Laboaren ‘Txoriak txori’, azken urteetan Anoetako harmailetan kasik ereserki bihurtu den abestiarekin, eta David Aranbururen familiari, tartean Ion anaia zela –makuluekin, Sorian jaso zuen eraso faxistaren ondorio gisara–, oroigarri bat banatuz eman zitzaion amaiera ekitaldi xume baina hunkigarriari.