NAIZ

Traganarrua, Intxaurrondoko Kofradia

Donostiako Aste Nagusian, izaera propioa duen mugimendua da Donostiako Piratena. Kofradia bakoitzak bere izaera izaten du, eta horietako bat da Traganarru kofradia; Intxaurrondo auzokoek osatzen dute txaleko marroixkadunen taldea. Beren helburu nagusia auzoan ere Aste Nagusia ospatzea delarik.

 

 

Traganarruak Flamenka gunera iristen, auzoa eta hiria elkartzeko ekimen batean.
Traganarruak Flamenka gunera iristen, auzoa eta hiria elkartzeko ekimen batean. (DONOSTIAKO PIRATAK)

Nork dio Intxaurrondon ezin dela abordaia egin? Nork dio abordaia itsasoan egin behar dela derrigorrez? Posible dela egiaztatzeko, gaur Intxaurrondora joatea besterik ez da egin behar. Izan ere, pirata batzuek estankoa abordatuko dute gaur arratsaldean. Traganarruak izango dira horiek, txaleko marroixka soinean, marinel eta piraten amesgaiztoa. Piraten Aste Nagusiko gune, lan talde eta kofradia orok bezala, itsasoko izen eta iruditeriarekin osatuta dago intxaurrondoarren kofradia ere.

Traganarruak uretan sortzen den zurrunbiloa esan nahi du, eta zurrunbilo horren bidez bazterrak nahastu eta festa Donostiako bazter urrunenetara eramateko asmoz sortu ziren. Intxaurrondo, hiriburuan «ahaztutako auzoa» dela salatu izan dute; Aste Nagusian uholdearen antzera jaisten direla auzotarrak jai-gune nagusira, kaleak hustu eta auzoa hilik geratuz; hori iraultzeko asmoz igarotzen dituzte jai egunak auzoaren eta Alde Zaharraren artean.

Zurrunbiloak harrapatzen duen buruezur baten irudia hartzen du kofradiak, zurrunbiloak irribarre gaizto bat irudikatzen duelarik. Beste urtebetez, Aste Nagusi Pirata auzoan eta auzotarrekin ospatzeko lanean dihardute, piratek eramango dute festa hiriko auzo orotara.