NAIZ

Piratak beti ez direlako gaiztoak, Kale Poza kofradia

Alaitasuna eta festarako gogoa elkartzen dituzte Kale Poza kofradiako kideek. Donostiako alde zaharreko hainbat kuadrila elkartuta sortu zen, eta egun, parte hartzea, euskara eta feminismoa dituzte festarako oinarritzat.

Urtero egiten duten Playback lehiaketa.
Urtero egiten duten Playback lehiaketa. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Pirata hitza entzunda iruditegi iluna eta pertsona gaiztoarena datorkio askori burura, abenturazko filmetan jendea bahitzen duten begibakarrak izango dira batzuentzat. Kale Poza kofradiak ordea, hori guztiz iraultzea du helburu eta izenak dioen bezala, kalea umore onez eta pozez bete nahi dute. Gizartearen parte hartzea, euskararen zabalpena eta indartzea, eta feminismoaren baloreetan oinarrituta ospatu nahi dituzte festak, eta horretarako sortu zuten beren kofradia propioa.

Alde zaharreko bizilagunek osatzen dute Kale Poza kofradia; beraien hastapena Kale Lagunak hockey taldearen inguruan ibiltzen ziren hainbat kuadrilen elkartzea izan zen. Eta egun, «bizi poza» bizitzeko lelo moduan duten pertsonek osatzen dute.«Iluntasunari kolorea jartzea» da beraien helburua, eta hortik dator beraien fuxia koloreko txalekoa ere. «Lotsak eta penak alde batera utzi eta jaietaz gozatu eta poza transmititu» nahi dutela kontatzen dute.

Festak hasteko irrikari ezin eutsita, pasa den larunbatean kofradiaren bazkaria egin ziten Urgullen, oraindik txupinazo piratako suziria ere bota gabe zegoenean. Urtero arrakasta izaten duen playback txapelketa atzo egin zuten, parte hartzaileez gain, ikusle andana bildu zen udako kantu ezagunenen performancean.