NAIZ

Espekulazioaren aurkako Senpereko borroka Donibane Lohizunera heldu da, denda bat okupatuz

Senpereko Olha etxea saldu ondoren, espekulazioaren aurkako borroka ez da eten. Astearte honetan Maison Adam Donibane Lohizuneko denda ezaguna blokeatu dute, bere jabeek erosi zutelako etxea prezio zinez garestian, 1,3 milioi eurotan. Ekintzan 30 lagun inguruk hartu dute parte.

Donibane Lohizunen dago okupatua izan den denda.
Donibane Lohizunen dago okupatua izan den denda. (Patxi Beltzaiz)

ELB laborarien sindikatua, Lurzaindia elkartea, Ostia sarea eta senpertarrek espekulazioa salatzeko sortu zuten kolektiboaren kideek okupazioa abiatu zuten Olha etxean, Senperen, iragan ekainaren 27an. Abuztuaren 2an jakin ahal izan zutenez, prezio zinez altuan salgai eman zen etxea, 1,3 milioitan. Egun horretan bertan haserrea agertu zuten notaritzaren aurrean.

Astearte honetan erosleak duen dendara eraman dute protesta, Donibane Lohizuneko Maison Adam-era, denda okupatuz eta hiru sarrerak blokeatuz. Gailetatxoak saltzen dituzte bertan duela mende batzuetatik, arrakasta handiz; macaron direlakoak.

Dendan bezero asko bildu ohi dituen eguna aukeratu dute, eta horregatik oihartzun handia izan du ekintzak. «Salmenta hori salatu nahi dugu, jendea ohartarazi, hori gertatu ezean jende guztia espekulazioaren biktima izan daitekeelako. Lurraren defentsan ari gara», esan dute, ‘Mediabask’ hedabideak jasotako adierazpenetan.

Kalean afixak banatzen egon dira; guztira, 30 lagun inguruk hartu dute parte. Olha etxearen egoeraren berri ematen dute. Lurzaindiak, ELBk, Ostiak eta Senpereko zenbait biztanlek sinatzen dituzte orriok.

Dendako bezeroekin eta herritarrekin solasean ibili dira ekintzaileak. Batek esan die: «Baina nork saldu du? Euskal herritarra da!». Eta hauxe izan da erantzuna: «Salatzen dugunok ere euskal herritarrak gara!».

Alkatea eta polizikideak, bertan

Eguerdi aldera, auzapeza bera gerturatu da: Jean-Francois Irigoien. Olharen gatazkaren berri baduela aitortu du, baina ez du protesta ekintza lagundu.

Gora eta behera ibili dira, bitartean, poliziakideak. Auzokide eta bezero batzuek mobilizazioa ekiditeko eskatu diete, baina dendaren jabeek, itxuraz, ez. Naturaren aldeko ekintzaile batek honelako balorazioa egin du: «Herritar asko gurekin ados da baina beste batzuk haserretu egiten dira; beren erosteko askatasuna aldarrikatzen dute».