NAIZ

Donostiako jaietan momentuz sexu erasorik ez dela izan nabarmendu du Goiak

Donostiako Aste Nagusiak bigarren txanpari ekin dio asteazken honetan, hasierako asteburua eta astearteko egun handiaren zubia gaindituta, eta sexu erasoren berri ez da izan momentuz. Lapurretak gertatu direlako kezkatuta agertu dira, ordea, eta gogorrago jotzeko eskatu die epaileei.

Eneko Goia, Cristina Lage Berdintasun arloko zinegotziarekin batera, Bulebarren dagoen «puntu morea»ren ondoan.
Eneko Goia, Cristina Lage Berdintasun arloko zinegotziarekin batera, Bulebarren dagoen «puntu morea»ren ondoan. (Andoni Canellada)

Eneko Goia Donostiako alkateak Aste Nagusia sexu erasorik gabe ari dela gertatzen momentuz. Lehenengo lau egunak gainditu dituzte, jai egunak gainera, bisitari askorekin, eta orain itxuraz txanpa lasaiago bati emango zaio bide, larunbatean amaitu arte.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, Goiak nabarmendu du orain arte ez dela «ezer negatiboegirik» izan Donostiako jaietan, eta espero du horrela jarraitzea, bukatu arte.

Ildo horretan, adierazi du oraingoz ez dela sexu-erasorik izan, baina bai lapurreta ugari, eta honen gainean arreta jarri du.

Kexu agertu da EAJko alkatea. Polizikide ezberdinek atxiloketak egiten dituztela txalotu du, baina epaileei «irmotasun handiagoa» eskatu die delitugileekin, batzuetan «pertsona bera hamar aldiz atxilotzen dutelako eta horrek ez duelako ondoriorik».

«Ez da bakarrik polizia-operazioetatik erantzun daitekeen arazoa», erantsi du Goiak, auzitegietatik ere gogor ekin behar dela argudiatuz.

Gero egindako jaietako hamaiketako berezian datu zehatzak eman ditu alkateak: jaiak hasi zirenetik 49 atxilotu egin dituzte, gehienak lapurretak leporatuta, eta azkeneko 14ak azken gau honetan, asteartetik asteazkenera.

«Gizarteak eskatzen digu»

Ildo horretan, berretsi du batzuetan «subjektu bera hamar aldiz atxilotzen dutela eta horrek ez duela ondoriorik». «Hor arazo bat dugu, eta uste dut erantzun bat egon behar dela; bestela, poliziaren lanak funtzionatzen jarraituko du, baina gero ondoriorik ez badago, katua eta sagua bezala jolasean jarraituko dugu».

Haren ustez, gai hori agintaritza judizialaren ardura da gehienbat. «Irmotasun handiagoa behar da, eta gizarteak hala eskatzen digu», ziurtatu du.

Azken asteotan mezu hau indartzen ari da Eneko Goia, aspaldi Bilbon lehenik Iñaki Azkunak eta gero Juan Mari Aburtok egin duten bezalaxe.