NAIZ

Iraolaren Euskal Selekzioa lehiara itzuliko da Suitzan, Europako mendi lasterketen txapelketan

Joseba Iraolak Ursanne-Les Rangiers (Suitza) proban parte hartuko du asteburu honetan, Europako mendi lasterketen txapelketako beste jardunaldi batean, alegia. Azken hiru asteetan lehiatu gabe egon da eta lehen sei probak osatuta, onenen artean dago Balmasedako pilotua.

Joseba Iraola, Euskal Selekzioaren autoarekin.
Joseba Iraola, Euskal Selekzioaren autoarekin. (EUSKAL KIROL FEDERAZIOEN BATASUNA)

Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa txapelketara itzuliko da Suitzan ostiral honetatik aurrera. Iraolak «beste asteburu eder batez» gozatu nahi du Europako mendi lasterketen txapelketan, sei podium jarraian izan ondoren, Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) jakinarazi duenez.

Joseba Iraolak Ursanne-Les Rangiers proban parte hartuko du. Balmasedakoak adierazi duenez, «hiru aste igaro dira azkenekoz korritu genuenetik. Luzea egin da. Ia astebururo korrika egiteko dinamika batetik gentozen. Eta gustatzen zaigunera itzultzeko gogoa dugu. Suitza oso ondo eman zitzaigun aurreko edizioan lehen urtea izateko. Laugarren izan ginen eta aurten podiuma lortu nahi dugu. Ea dinamika polit honekin jarraitu dezakegun».

«Txapelketako hiru lasterketa baino ez dira geratzen, beraz, findu egin behar da. Lehen hiruren artean geratzen saiatuko gara, eta batzen jarraituko dugu, aurkari batzuk elkarrengandik urrun daudelako. Beste pauso bat emateko eta ilusioz jarraitzeko unea da. Ez da guretzat lasterketarik onena egiten diren abiadurengatik, baina ibilbidea polita da eta gozatu egin behar dugu», nabarmendu du Iraolak Suitzara bidean.

Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa podiumera igo da Ascoliko Paolino Teodori Koppan. Baita Ecce Homo Sternberk Txekiar Errepublikan, Portugalen (Falperra), Asturiasen (Fitoko igoera), Austrian (Rechberg) eta Frantzian (Saint Jean du Gard- Col Saint Pierre) ere.