NAIZ

Uharte Arakilgo Artzai Egunaren 55. edizioa ospatuko dute abuztuaren 27an

Artzai Eguna ospatuko dute berriz Uharte Arakilen. Aurtengoa 55. edizioa izango da, eta urtero bezala abuztuko azken igandean izango da, hilaren 27an hain zuzen ere. Artzaintza «omentzen» duen aurtengo jaia «jasangarriagoa» eta «irisgarriagoa» izango dela nabarmendu dute.

Uharte Arakilgo Artzai Egunaren 55. edizioa izango da abuztuak 27an.
Uharte Arakilgo Artzai Egunaren 55. edizioa izango da abuztuak 27an. (Iaigo Uriz | Foku)

Uharte Arakilgo Artzai Egunaren 55. edizioa izango da abuztuaren 27an. Bertan, urtero bezala artzaintza «omendu» eta jarduera «babesteko» eguna dela azpimarratu dute antolatzaileek. Egunean zehar artzaintzarekin zerikusia duten hainbat ekintza eta lehiaketa izango dira Sakanako herrian. Horretaz gain, aurten festa «jasangarriagoa» eta «irisgarriagoa» izango dela nabarmendu dute.

«Artzainak omentzea da festaren helburua, eta beraz, haiek izanen dira eguneko protagonista nagusiak», nabarmendu dute. Goizeko 10.00etan emango diote hasiera egunari Nafarroako Ardi Latxen esne gordinarekin egindako 41. gazta lehiaketa eta Nafarroako Ardi Latxen 38. erakusketa eta esne ekoizpenaren lehiaketarekin.

Hortik aurrera, beste txapelketa ugari jokatu da egun osoan zehar; horien artean, Latxa Arrazaren Estatuko 18. lehiaketa, Ardi moztaileen 34. txapelketa, Ardiki lehiaketa eta Nafarroako Artzain Txakurren 55. txapelketa.

«Nafarroako interes turistikoko jaia» izendatua dago eta bertaratzen direnak gaztaz eta artisautzaz «gozatzeko» aukera izango dute ere. Uharte-Arakilen 30 artisau postu eta dozena bat gazta salmentetarako toki jarriko dituzte

Horretaz gain, jai honetan jasangarritasuna izan da aurtengo erronketako bat.«Artzaina eta artzaintza ardatz izango dituen jai honek jasangarria izan behar du halabeharrez, lurrarekiko oreka bilatuz, kilometro zeroko produktuak bultzatuz, ekonomia zirkularra babestuz edota zaborrak murriztu eta birziklatuz», nabarmendu dute antolatzaileek.

Eguna mundu guztiarentzat irisgarria izateko «ahalegina» egin dute aurten ere. Hori dela eta, lehenengo aldiz ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekua jarri dute herrian. «Artzai Egun honetan pertsona guztiek izan behar dute lekua eta horretan lanean gabiltza», adierazi dute. Hala ere, hurrengo urteetara begira, bi esparru horietan lan egiten jarraitu behar dutela aitortu dute.

Uharte Arakilgo Artzai Egunean 150 boluntario arituko dira bertaratzen diren guztiek egunaz «gozatu» ahal izateko. Nafarroako Gobernuak eta Reyno Gourmet, beste batzuen artean, jai honen babesleak dira.