NAIZ

Pirinioetako hartz arrearen biziraupena bermatzeko, «urrutiko» zaintza

Pirinioetan 70 hartz arre bizi dira egun, duela urte batzuk desagertzeko zorian egon ondoren. Haien biziraupena bermatzeko, adituek sarri zeharkatzen dituzte mendiak, betiere «urrutitik» eta «isilpean» aztertuz.

Pirinioetan 70 hartz arre bizi dira gaur egun, duela urte batzuk desagertzeko zorian egon ondoren.
Pirinioetan 70 hartz arre bizi dira gaur egun, duela urte batzuk desagertzeko zorian egon ondoren. (Charly Triballeau | AFP)

Duela urte gutxi desagertzear egon baziren ere, egun 70 hartz arre bizi dira Pirinioetan. Adituek atentzio handiz aztertzen dituzte, zenbat diren eta nola bizi diren zehatz-mehatz jakiteko.

Animaliak nondik ibili diren jakiteko hainbat modu dituzte adituek, hala nola, pagoaetan mundruna jarriz. Pierre-Luigi Lemaitrek, Pirinioetako hartzen jarraipen sarearen koordinatzaileak, azaldu duenez, material horrek hartzak zuhaitzean igurztea eragiten du eta bertan geratzen diren ileak «tentu handiz» aztertzen dituzte.

Horrez gain, kamera «tranpak» jarri dituzte inguruan, animaliak hurbildu ahala irudiak automatikoki grabatu ahal izateko. Hartzen jarraipenean aritzen diren adituek txakurrak ere baliatzen dituzte ingurunea aztertzeko, gizakiak baino zantzu gehiago topatzeko gai baitira. 2015tik txakurrekin aritzen dira jarraipenean eta emaitzak oso positiboak dira.

Hartz hauen jarraipenean 450 behatzaile aritzen dira, ‘Hartz Arrea Sarean’ barnebildurik. Sarearen baitan antolatuta daudenez eta beste aditu batzuekin informazioa alderatzeko aukera dutenez, Biodibertsitateko Bulego frantseseko hartzen koordinatzaile den Julien Steinmetzek azaldu du jarraipen hau «munduko zehatzena» dela.

Gainera, egun 70 hartz daudenez baieztatu dute momentuan bakoitzaren profil genetikoak ezagutzeko gai direla, baita beren mugimendu eta jokabideak ere. Orain animalia hauen elikadura aztertzen ari dira, Melleseko herrian dauden landareak aztertuz. Steinmetzek azaldu du hibernazioa baino lehen «pagatxak» jan ohi dituztela.

Jarraipen lanak egiten dituztenean, sarri prismatikoekin ibiltzen dira aditak, hartza ikusi nahian, baina betiere «isilpean». «Ez dugu hartzek antzematea nahi. Fauna basatia ikusteko modu adeitsu eta interesgarriagoa da. Hartzak jaten eta mugitzen ikus ditzakegu», azaldu du Lemaitrek. Gainera, animalia handia izan arren, «gizakien beldur» da 2,10 metroko eta 250 kilo inguruko hartza.

Pirinioetako hartz arrearen presentzia nabarmen igo da azken urteetan. 1995 urtean soilik bost hartz gelditzen ziren ingurunean eta, horren ondorioz, Frantziar Gobernuak animalia bizirauteko Esloveniako hartzak ekartzeko programa abian jarri zuen.

Esloveniatik 11 hartz ekarri zituzten eta 2020an hartzen populazioak nabarmen hazi zen; hain zuzen ere, urte horretan 70 hartz zeudela jakinarazi zuten adituek, gaur egun bizirauten jarraitzen dutenak, alegia.

Hala ere, adituek aitortzen dutenz, asko ez daude hartz hauen presentziarekin «ados». Izan ere, abeltzainek, ehiztariek eta tokiko arduradun politikoek protestak egin izan dituzte, artaldeei kalteak eragiten dizkietela argudiatuz.