Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Delirioa

Psikopatologian, delirioa konbikzio sakon batekin bizi den sinesmen gisa definitzen da, nahiz eta ebidentziak kontrakoa erakusten duen.

Duela gutxi Mario Biondo telebista kameraren inguruko dokumentala ikusi dut. Duela hamar urte hil zen, ebidentzia guztien arabera bere buruaz beste eginda. Bada, bere familiak ez du sinesten hori gertatu zenik eta hamar urte daramatza ustezko hilketaren hipotesia eraikiz eta puztuz. Ez dakit zer gertatu zen, baina ematen du familiaren mina delirio bihurtu dela. Eta delirioak mina areagotu besterik ez du egiten.

Parean tokatu da Thailandiako hilketa ere. Ez du azalpen handirik behar. Telebista espainolak piztu besterik ez dago detaileak ezagutzeko -zer demontre egin behar ote zuten abuztuko arratsalde sapa eta geldoetan Thailandiakoa gertatu ez balitz? Zenbat telebista ordu bete ote dituzte dagoeneko?-.

Harrituta nago, baita amorratuta ere. Daniel Sanchok Edwin Arrieta akabatu eta bere gorpua txikitu du. Gorpua ezkutatzen saiatu da eta hilketa aitortu du. Bada, telebista espainoletan delirioa elikatzen ari dira egunero. Ukazioa, zalantza, nahasmena eta usteak, kiloka eta orduka. Martxa honetan hiltzaileak berak zalantza egingo du gertatu denaz.

Amorragarria iruditzen zait ebidentzia; gizon gazte ilehori ustez arrakastatsu batek -sare sozialetan arrakasta distiratsua saltzen duenak- zirujau kolonbiar beltzaran homosexual bat akabatu du. Eta badirudi horrek sekulako zirkuitulaburra eragin duela askoren buruan. Aldrebes izango balitz, lasaiago lo egingo lukete.

Errealitateak zure estereotipo eta sinesmenak astindu eta hankaz gora jartzen dituenean, bi aukera daude: uste horiek zeren gainean eraikiak dauden hausnartu edo gertatu dena ukatu eta delirioan itotzea. •