Zigor Orbe Basauriko presoa 19 urteko kartzelaldiaren ondoren baldintzapean espetxetik atera dela zabaldu du Etxeratek sare sozialetan.
Zigor Orbe Sevillano preso politiko basauriarra baldintzapeko askatasunean geratu da 19 urteko espetxe zigorra bete ondoren. Ongi etorri Zigor! Bat gutxiago!
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) August 19, 2023
Urruntzea eta oztopoak graduan aurrera egiteari
Urruntzearen ajeak gertutik ezagutu ditu Orbek espetxealdian. 2021.ean ekarri zuten basauritarra Arabako Zaballako espetxera Andaluziako Cadiz probintziako Puerto de Santa Maria kartzelatik.
Graduan aurrera egitea ekidin zion Auzitegi Nazionalak bitan, azkena 2020an, aldez aurretik Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak harturiko erabakia bertan behera utziz. Erabaki hori hartzeko Auzitegi Nazionalak Orberi «ETArengandik nahikoa ez aldentzea» leporatu zion, nahiz eta ezarritako zigorra ez zen izan erakunde horretan parte hartzeagatik edo laguntzeagatik. Elementu hori nabarmendu zuen graduan aurrera egitea oztopatzen zuen autoari buruz epaile batek egin zuen bozka partikularrak.
2004. urtean atxilotu zuten Orbe Mantauban hiritik gertu, Estatu frantsesean, Joseba Esparza nafarrarekin batera eta ordutik espetxean izan da. 2010.ean Estatu frantsesak espainolaren eskuetan utzi zuen Orbe.