Entrevista
Alba Garcia eta Lorea Ureta
Txinparta konpartsako kideak

«Espero dugu emakumeok etxe sentitzen dugun leku bat izatea»

Feminismoak Bilboko Aste Nagusian espazio propioa behar duela iritzita, hainbat emakumek konpartsa berri bat sortu dute. Aurten txosna jartzeko aukerarik izango ez badute ere, Txinparta Konpartsa lanean ibiliko da jaietan.

Lorea Ureta eta Alba Garcia, Txinparta konpartsako kideak.
Lorea Ureta eta Alba Garcia, Txinparta konpartsako kideak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Txinparta Konpartsa sortu dute emakume feminista batzuek, Mamiki Konpartsak utzitako hutsunearen ondoren beharraz konturatuta. Askotariko emakumeek osatzen dute konpartsa eta, hain zuzen ere, ezaugarri hori azpimarratu dute Alba Garcia eta Lorea Ureta konpartsakideek.

Aurten ez dute txosnarik jartzeko aukera izango, probaldian baitaude, baina beste konpartsa batzuetan txandak egingo dituzte, gainerako kideei lagundu eta aliantzak sortze aldera.

Zergatik erabaki zenuten konpartsa berria sortzea?

Lorea Ureta: Panorama ikusita hartu dugu erabakia. Uste dugu feminismoak Aste Nagusian eta Bilboko jai giroko edozein ekintzatan presente eta indartsu egon behar duela.

Noiz hasi zineten Konpartsa egituratzen?

LU: Lehen bilerak iazko ekainean hasi genituen. Elkartzen hasi ginen, eta fundazio akta 2022ko irailaren 15ekoa da.

Nork osatzen du Txinparta Konpartsa?

Alba Garcia: Askotariko emakumeek, toki desberdinetatik etorritakoek. Zenbaitek elkar ezagutzen genuen beste militantzia espazio batzuetatik. Horiez gain, leku askotako emakumeak gerturatu dira, eta hori da hasierako asanbladetatik gehien gustatzen zitzaidana, jende asko gerturatzen zela Aste Nagusian emakume feministen espazio hori ez galtzearen alde lan egiteko prest.

LU: Askotariko espazioa da, adin guztietako jendea dagoelako, oso gaztea eta baita nagusitxoagoa ere. Aniztasun hori nabarmendu eta mantendu nahi dugun ezaugarria da. Feminismoaren alde lan egiteko prest dauden emakumeentzako espazioa da, edozein dela ere haien adina, jatorria edo jaiotzean zituzten genitalak.

«Askotariko emakume feministak batzen dituen konpartsa gara, disidentzia guztiak dira ondo etorriak»

Aurten txosna jartzeko aukera izango duzue?

AG: Bilboko Konpartsen Federazioan probaldian gaude oraindik. Konpartsa bezala zauden lehen urtean antolatzen duten denean parte hartzen duzu, benetan konpromiso hori hartzeko prest zauden edo ez erakusteko, baina ez duzu txosna jartzen. Datorren urtean, dena ondo badoa eta federazioak baiezkoa ematen badigu, espero dugu gure txokoa muntatzeko aukera izatea.

LU: Gogorra izaten ari da, konpartsa bat abian jartzen ari garelako hutsetik hasita, eta horrek lan eta jende asko eskatzen du. Aldi berean, ilusioa egiten duen zerbait da, horrelako espazio batean proiektu berri bat hastearena. Bilboko Konpartsak kolektibo oso desberdinetako jendea batzen duen espazioa da: auzoetakoak, ekologistak, euskalgintzakoak, antimilitaristak... Ilusioa egiten du ikusteak eragile desberdinak elkartu gaitezkeela horrelako zerbait muntatzeko. Gizarte eragile bezala hemen gaudela erakusteko aukera ematen du, eta jaia eta borroka uztartzekoa.

Iaz ez zen txosna feministarik egon. Aurten ere ez da izango. Nabaritzen da hutsunea?

AG: Nire ustez, bai, eta jendeak ere gauza bera esaten digu, ezin dela horrelako espazio bat galdu. Nik behintzat, igarri dut hutsune hori, eta uste dut hiri honetako beste emakume ugarik era berean nabaritu dutela.

Zergatik da beharrezkoa konpartsa feminista bat egotea?

AG: Loreak esan duen moduan, jaia antolatzeaz gain, Bilboko Konpartsek federazio moduan, eta konpartsa bakoitzak bere aldetik, badaukate eragin politikorako gaitasuna. Gu ere ez gara emakumeen konpartsa bat eta kito. Askotariko emakume feministak batzen dituen konpartsa gara, disidentzia guztiak dira ondo etorriak, eta horren balioa azpimarratu nahi dugu.

LU: Elkartzeko espazio bat sortzen da. Espero dugu emakumeok etxe sentitzen dugun leku bat izatea, konplexurik eta erasorik gabea, emakumeok Aste Nagusian lasai eta gustura egon ahal izateko.

Zein ekintza mota antolatu dituzue orain arte? Eta aurrerantzean?

AG: Igandean autodefentsa feminista tailerra antolatu dugu. Horrez gain, parte hartuko dugu Bilboko Konpartsek antolatutako ekintzetan. Izan ere, orain arte gure artean hobeto ezagutzera bideratutako ekintzak antolatzen ibili gara.

LU: Autodefentsa tailerra Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eskainiko du Piztiak Konpartsaren espazioan. Toki propioa ez izateak asko mugatu gaitu. Gainera, beste Konpartsei laguntzeko aprobetxatuko dugu. Txandak egingo ditugu beste txosnetan, eta jendea gu bilatzera gonbidatu nahi dugu. Berriak gara eta, barrurantz ez ezik, kanpora begira ere saretu behar dugu.