NAIZ

Israeldar bat hil eta beste bat zauritua izan da Zisjordanian, ustezko palestinar eraso batean

Israeldar jatorriko emakume bat hil da eta gizon bat zauritua izan da Zisjordanian, ustez palestinar jatorriko hiritar batek gauzatutako eraso batean. Israeldar Armadaren arabera, ibilgailu batetik tiro egin zuen erasotzaileak eta ihes egin zuen.

Israeldar jatorriko emakume bat hil da eta gizon bat zauritua izan da Zisjordanian.
Israeldar jatorriko emakume bat hil da eta gizon bat zauritua izan da Zisjordanian. (Hazem Bader | AFP)

Israeldar jatorriko 40 urte inguruko bi hiritar zaurituak izan dira Zisjordanian, ustezko palestinar eraso baten ondorioz. Emakumea hil da gero, eta gizona larri dagoela jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek.

Erasotzaileak auto batetik tiro egin zuen eta segituan ihes egin zuela jakinarazi du israeldar armadak. Momentuan bere bila daudela adierazi du.

Gertaera «eraso terroristatzat» hartu du israeldar Armadak, eta hauen arabera, palestinar jatorriko gizon bat da erruduna. «Hebron hiriaren ondoko 60. Bidetik igarotzen ari zen ibilgailu batek tiro-erasoa egin zuen inguruan gidatzen ari ziren zibilen aurka», adierazi du.

Gertaeraren ondoren, Hamas talde islamistak, Gazan gobernatzen duenak, erasoa ospatu du eta adierazi du «Jerusalemgo eta Zisjordaniako kolonizazio-proiektu sionistei» emandako erantzun naturala dela.

Bigarren Intifadatik, aurtengoa bigarren urte odoltsuena da. Urtea hasi zenetik 184 palestinar hil dituzte Zisjordanian. Hildako ugari zibilak dira, horietako 33 adingabekoak. Horretaz gain, 31 israeldar hil dira aurten, palestinar talde armatuek ustez aurrera eramaten dituzten erasoen ondorioz. Hildakoen artean gehienak kolonoak izan dira, horietako 5 adingabekoak.