NAIZ

Gipuzkoako bost mendizale erreskatatu dituzte Pirinioetan azken orduetan

Garmo Negrotik jeisten ari ziren lau gaztek arazoak izan dituzte.
Garmo Negrotik jeisten ari ziren lau gaztek arazoak izan dituzte. (Wikimedia Commons)

Erreskate ezberdinen berri eman dute azken orduotan Pirinioetan, eta zerrenda horretan bost mendizale gipuzkoar ageri da, beste lau pertsonekin batera: lau gazte eta 56 urteko gizon bat. Lehenengo lauak ondo daude eta boskarrena osasun-zentro batera eraman behar izan zuten.

Lehen operazioa asteazkeneko 12.20etan gertatu zen, Panticosan, mendigoizaleak Garmo Negro tontorretik jeisten ari zirela. Beti ere Guardia Zibilak ohar batean esandakoaren arabera, bidea galdu ondoren «oso lur nahasian eta malda gogorrean geratu ziren 23 eta 24 urteko lau gazte gipuzkoar», arrisku larrian.

Handik ateratzen lagundu zituzten, garabi-ziklo batzuen laguntzarekin, eta helikoptero batera igo, toki segurura eramateko. «Esku-hartze hori zaila izan zen, lursailaren baldintzek eta ehun metro baino gehiagoko eroriko baten arriskuak zaildu baitzuten», ziurtatu dute erreskate taldeek.

14:15ak aldera 56 urteko Gipuzkoako mendizale bat osasun-zentro batera eraman zuten espezialistek, Pirinioetako Benasque udalerrian oraingoan, Forau de Aigualluts ibaian zeharbide bat egiten ari zela bero-kolpe bat jasan ostean.

Euskal mendizaleek bertan jasandako azken istripu latza pasa den abuztuaren 14ean gertatu zen: Zangozako 52 urteko mendizale bat Cresta de Llosasen hil zen, ehun metro inguruko eroriko baten ondorioz. Gau osoa eman zuten bere bila, egun horretan desagertu baitzen, eta azkenik gorpua aurkitu zuten, teknikoki zaila den bide batetik eroria.