NAIZ

Oinez eskolara, eta heldurik gabe

Autobusean, autoan edota oinez. Eskolara joateko hiru aukera nagusiak horiek izaten dira, baina EHUko ikerketa batek ondorioztatu du eskolara oinez eta guraso gabe joateak haurren autonomian, konfiantzan eta elkar laguntzeko joeran mesede egiten diela ikasleei. Euskal Herrian badira hamaika adibide.

Eskolara oinez eta heldurik gabe joateak haurrengan eragin positiboak ditu.
Eskolara oinez eta heldurik gabe joateak haurrengan eragin positiboak ditu. (Getty images)

Ikastetxe atarira hurbildu eta geroz eta ohikoagoa da haurrak kotxez edo autobusez iristea ikasgelako ateraino. Haurren autonomia murrizten du eta bidaia «etengabeko zaintzapeko egoera pasibo» bihurtzen du EHU zenbait ikertzaileren arabera haurrak eskolara gurasoekin edo autobusez joateak. Euskal Herrian, ordea, 2015 inguruan jarri ziren eskolara lagunekin joateko proiektuak martxan, pandemiaren eraginez eten bat izan bazen ere, berriro ere ohitura berreskuratzen dabiltza zenbait udalerri, guraso elkarte eta ikastetxe.

Haurren Hirien Sareak ‘Eskolara Lagunekin’ proiektua jarri zuen martxan, «haurrek hirian mugitzeko duten autonomia sustatuz, udalek espazio komuna eta gure harreman zein mugikortasun ohiturak eraldatzeko egiten duten apostua» da proiektuaren funtsa, beraiek adierazten dutenez.

Etxetik eskolarako bidea heldurik gabe egitea proposatzen du dinamikak. Eta argitaratu berri den ikerketaren arabera, onurak baino ez ditu ohitura horrek:ingurunearekin konektatzea, egunero egiten duen bidearekin haurrak bere buruarengan segurtasuna irabaztea, arduratsua izatera eta berdintasun harremanak sortu zein elkar laguntzera bultzatzen die. Autonomia eta elkarrekintza garatzeko prozesuan ere lagungarriak izan daitezke horrelako esperientziak adituen iritziz.

EHUk egindako ikerketaren arabera, garraio ohiturak aldatzeak (eta autoz edo autobusez egiten diren joan-etorrien kopurua handitzeak) dakarren ingurumen arazoaz gain, haurrek egunero beren auzoan oinez ematen duten denbora murrizteak atxikimendu falta eta kide izatearen sentimendurik eza eragiten ditu.

Hala ere, ez da gauetik egunera martxan jarri daitekeen proiektu bat. Izan ere, gaur egungo bideak eta trafikoaren dentsitateak eskolarako bideak zailtzen ditu. Horregatik, ezinbestekoa izaten da hezkuntza komunitatearekin elkarlanean abiatzea. Mendaron esate baterako, haurrak, irakasleak eta gurasoak elkartu ziren lehendabizi bideko «puntu-ilunak» eta oztopoak identifikatzeko, proposamen bat egin eta udalarekin bildu ziren bideetan egin beharreko aldaketak egiteko. Bideak prest zeudelarik, taldeak osatu zituzten eta haurrek elkarrekin eskolara joateko aukera dute gaur egun.

Jauzi bat harago

Bilbon eta Leioan ere ‘Eskolara Lagunekin’ egitasmoak daude martxan, eta EHU-k egindako ikerketak adibidetzat jartzen ditu hiri zein herrietara praktika horiek zabaltzeko. Donostiako zenbait ikastetxetan 2019an jarri zuten martxan, eta azken urteetan Arrasateko, Bakikoko, Durangoko, Larrabetzuko, Tolosako zein Zumarragako udalek ere Haurren Hirien Sarean dinamikaren baitan jarri dituzte antzeko proiektuak martxan. Beste zenbait lekutan, ikastetxeek beraiek edota Udala bera izan da horrelako proposamenak egin dituena.

Erandion, 2018an jarri zuten martxan ‘Eskolara Lagunekaz’ proiektua guraso elkarteen eta udalaren artean. Pasa den urtean baina, jauzi bat haratago joan ziren, eta eskolara bidea haurrek beren kabuz egiteaz gain, bertako komertzioekin batera hilabetero errepikatzen den ekimen bat abiatu zuten. Pasaporte gisa izendatu duten liburuxka bat du haur bakoitzak, eta helburua, eskolara bidean topatzen dituzten komertzioak ezagutzea da. Horretarako, hilabetean behin, haur talde bakoitza komertzio banatara joaten da, eta komertzio horretako zigilua eskuratzen du. Horrela, ikasturtearen amaieran, pasaportea beteta izango dute, eta ingurua askoz hobe ezagutuko dute.

Gizarte eraldaketak
Proiektuek zenbait aurrera urrats ekarri badituzte ere, ikerketaren emaitzen arabera, ahalegin handiagoa egin behar da mugikortasun autonomoko proiektuak jendarteratzeko eta abian diren proiektuei ikusgarritasun handiagoa eskaintzeko: «Horrela, familiak eta, oro har, gizartea gehiago jabetuko dira haurren autonomiak eta eskolara egindako bidaia aktiboek duten garrantziaz».

Ondorio nagusia, haurren autonomia garatuz gizarte eraldaketak bultzatzea da: «Eskoletarako joan-etorriak aukera baliotsua dira haurrek trebetasun fisikoak, pertsonalak eta sozialak gara ditzaten, bai eta haurrek gizartean duten protagonismoa alda dadin ere».