NAIZ

Irurtzundik abiatu da ‘Stop AHT Zundaketak’ bizikleta martxa

AHTaren kontrako bizikleta martxari hasiera eman dio Irurtzundik ostiral goizean, ‘Stop AHT Zundaketak’ ekimenak. Asteburuan zehar Sakana, Goierri eta Arabako Lautadatik igaroko dira AHTaren eraikuntzarako egin beharreko zundaketak gelditzeko eskatuz.

AHTaren kontrako bizikleta martxari hasiera eman diote Irurtzunetik.
AHTaren kontrako bizikleta martxari hasiera eman diote Irurtzunetik. (Jagoba Manterola | Foku)

‘Stop AHT Zundaketak’ lelopean antolatutako bizikleta martxa abiatu da ostiral goizean Irurtzundik eta Olaztin igaroko dute gaua. Igandera bitarte Sakana, Goierri eta Lautada zeharkatuko ditu martxak, AHTaren eraikuntzarako egin behar diren zudaketak gelditzeko eskatuz.

Mobilizazio sozialaren bidez zundaketak bertan behera uzteko aldarria zabaltzea da ekimenaren asmoa, eta horretarako antolaturiko protestetan herritarren parte hartzea «balioan jarri» dute. Azken aldian zundaketa eskaera ugari iritsi direla jakinarazi du ekimenak, eta naturari zein herriei «eraso latzak» eragingo dizkiela gaineratu du.

«Nafarroako korridorea» eta «Euskal Y-a» deiturikoak lotzeko zundaketek Aralargo mendigunea zulatu edota Sakana eta Lautada osoa zeharkatuko dituela salatu dute. Ingurunean ondorio kaltegarriak izateaz gain, «ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina» dela azpimarratu dute.

Ostiral goizean «AHTrik ez» oihuekin abiatu dira Irurtzundik, eta arratsaldean, Altsasura iristerakoan elkarretaratzea egin dute. Olaztin igaroko dute gaua Aguraindik ateratzekoa zen bigarren bizikleta martxarekin elkartuta.

AHTrik ez bizikleta martxa Irurtzundik abiatzear.
AHTrik ez bizikleta martxa Irurtzundik abiatzear.

 

Asteburu osoko aldarria

Hiru egunetan zehar, hainbat herritan elkarretaratzeak burutuko dituzte; besteak beste, Altsasun, Agurainen, Beasainen eta Uharte-Arakilen. Horretaz gain, AHTaren borrokaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute larunbatean, Lazkaon antolatutako Batzar Irekian.

Orain arte elkarteek martxan duten protokoloaren bitartez eta hainbat herritan antolatutako mobilizazioen bitartez, zundaketen lehenengo hiru saiakerak gelditzea lortu dutela adierazi du ekimenak. Oraingo ekimenarekin, inguruko idalekin hitz egin eta saiakera berri hauek «bertan behera» gelditzea helburu dute.

Sakana Trenaren alde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa elkarteek osatzen dute ‘Stop AHT zundaketak’ ekimena. Ekintza honen bidez helburu berdineko elkarteekin «harremanak sendotzea» espero dute.