Normalean titular eta laudoriorik gehienak aurrelariek eramaten badituzte ere, Bilboko aurtengo Aste Nagusiko feria atzelarien torneoa izaten ari da eta egungo bi atzelaririk onenen arteko dema izango da igandeko finala, bezperan Mariezkurrenak bezala, gaurkoan Jose Javier Zabaletak bigarren finalerdia desorekatuta. Konpartserorik parrandazaleenari ere kosta egiten zaio zazpigarren egunerako Areatzan Marijaiari jarraitzea eta pilotariei ere, bereziki herriko plaza guztietan eskatzen dituzten horiei, nabari zaie udako martxa luze egiten ari zaiela eta Altuna-Rezustari, batez ere amezketarrari, mesede egingo dio atseden pixka batek, udako azken txanpari ekin aurretik.
Metatutako neke horregatik ziurrenik, partidak hasiera kaotiko xamarra izan du. Lau pilotarietatik hiru bezperan jokatutakoak zirelako, Altunak ezkerra gordetzen zuela zirudielako edo, besterik gabe, eguna ez zutelako, partida oso epel hasi da, ezer askorik transmititu gabe. Beñat Rezusta zen lauetan ostegunean Elgoibaren egon ez zen bakarra, baina beregan ohikoak ez diren hiru pilota galdu ditu jarraian eta horrek eman die markagailuaren agintea bi nafarrei. Gerora akatsen itogin hori tapatzea lortu du, baina partida osoan zehar Zabaletaren bizkarra ikusi behar izan du. Nafarrak ez du agian pilota bere egunik onenetan bezala astindu –zail da garai hauetan fresko egotea–, baina bikain baztertu du ezker paretara eta hortik etorri da nafarren nagusitasuna.
Zuzen jokatuta, baina beste munduko ezer egin beharrik gabe –Ezkurdiak ere ez du batere konfiantzarik bere ezker gantxoarekin eta hori izaten da arbizuarraren termometrorik adierazgarriena– 8-2 aurreratu dira gorriak. Akatsen bat ere bildu duen arren, Jose Javier Zabaleta izan da, bere eskuin zoragarri hori tarteka astinduz, partida gehien kontrolatu duena.
Jokin Altunak utzi ditu gaur ere ale ederrak, 14-8koan hanka bakarraren gainean zela zabalean utzitako dejada ikusgarria esaterako, baina ezin izan du, ohikoa duen eran, urrunetik sartuta eta, aurkariak bultzatzerik izan eta Ezkurdia-Zabaletak arazo handirik gabe kudeatu ahal izan dute hasieran pilatutako aldea.
Kosta egin zaio sabeleko arazoekin dabilen Elordi ordezkatu duen Joseba Ezkurdiari airez sartzen asmatzea, baina inspirazio eta konfiantza handirik gabe, taktikoki egoki aritu da arbizuarra, partida praktikoa jokatuz. Udako lehen torneoa irabazteko, ordea, oldarkorrago aritu beharko du ziurrenik, atzeko dema berdinduagoa espero da eta.
Imazek Aranguren ordezkatuko du Donostian
Baikok jakitera eman duenez, Aitor Arangurenek ez du asteartean hasiko den Donostiako ferian jokatzerik izango eta bere lekua Ander Imazek hartuko du. Aginagarrak pilotakada bat jaso zuen ezker eskuan ostegunean Bizkaia Frontoian jokatutako partidan, eta ondoren egindako proba medikoen arabera, fisura bat du ezker eskuko laugarren atzamarreko bigarren falangean.
Aranguren abuztuaren 30ean Peña II.arekin batera jokatzekoa zen Jaka-Mariezkurrena II.aren aurka, baina bere lekua Imazek hartuko du.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Zabaleta: 22
Altuna III.a-Rezusta: 14
Pilotakadak: 645. Iraupena: 66,56 minutu. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-2, 8-2, 8-4, 11-4, 11-7, 14-7, 14-10, 16-10, 16-11, 21-11, 21-14, 22-14. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 0 Altuna III.ak. Egindakoak: 5 Ezkurdiak, 6 Zabaletak, 8 Altuna III.ak eta 0 Rezustak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 3 Zabaletak, 6 Altuna III.ak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, baina betakadarik gabe Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehen sakea urdin.