NAIZ

Bi lagun atxilotu dituzte Bilbon sexu gehiegikeriak egiteagatik; hamar dira jada

Kalejira feminista asteazkenean, Aste Nagusiaren baitan.
Kalejira feminista asteazkenean, Aste Nagusiaren baitan. (Marisol Ramirez | Foku)

Hamar lagun atxilotu dituzte guztira Bilboko Aste Nagusian zehar, indarkeria matxista erabiltzeagatik. Azken gau honetan, ostiraletik larunbatera, bi izan dira.

Kasu guztietan emakumezkoei «sexu ikutuak» egitea izan da akusazioa. Radio Euskadiri ostiralean emandako elkarrizketan, kasu hauek ez direla izan litezkeen «larrienak» aipatu zuen Bilboko alkate den Juan Maria Aburtok, baina edozein eraso gaitzetsi behar dela zehaztuz.

Aste Nagusia abiatu aurretik, agerraldi bereziak egin zituzten Bilboko Udalak, Bilboko Konpartsek eta bertako mugimendu feministak, erasotzaileak ez zirela jaietan ongi etorriak izango nabarmentzeko eta beren protokoloak aurkezteko.

Jaietako bigarren gauean hiru pertsona atxilotu zituzten sexu gehiegikeria hauengatik; asteartetik asteazkenekoan hiru gehiago izan ziren; asteazkenetik ostegunera, beste bat; ostegunetik ostiralera, beste atxiloketa bat; eta azken honetan, aipatutako biak. Hamar guztira, beraz, azken gauaren faltan. Marijaiari su emanez amaitutzat emango da aurtengo Aste Nagusia igande gauean.

Matxismoarekin lotutako atxiloketa kopuru honen oso gainetik dago lapurreta eta beste mota batzuetako erasoengatik eragindakoak. Ostiral honetan, esaterako, 17 pertsona eraman dituzte atxilo polizi ezberdinek.

Aburtok aurreratu duenez, orain arte iazko atxiloketa kopurua %30ean gainditua izan da. «Herritarrek honela jokatzea eskatzen digutela», ziurtatu du. Hau dela eta, zenbait momentutan Udaltzaingoaren komisaldegiak gainezka egon dira eta atxilotutako batzuk Ertzaintzaren kalabozoetara bideratu behar izan dituzte.