Donostiako Bulebarreko kioskoan hasi eta amaitu zen Sagastaren aurkako mutina duela 130 urte, eta bertan gogoratu dute Gamazada ‘Kantu bat askatasunari’ ekimenaren baitan. Foruen aldeko mugimenduaren berri eman eta gertakariak laburki gogoratu dituzte, baina batez ere kantatu egin dute, ezin zen bestela izan.
Uda giroa omen zen duela 130 urte Donostian, gaurkoan eguraldia petraldu xamarra bazegoen ere, ateri eutsi dio ekitaldiak iraun bitartean. Bildutako herritarrez gain, kantuengatik galdezka edota mugikorra eskuan grabatzera hurbildutako hamarnaka turistek ere eman diote uda ukitua Bulebarrean egindako oroimen ekitaldiari. Gamazada Donostian herri ekimenak antolatu du igande goizeko ekitaldia, baina udalari «beregain hartu eta ofizialdu» dezan eskatzeko deia egin dio.
Orain artean, Donostiako altxamenduan hiru hildako egon zirela uste zen, baina sei izan zirela ondorioztatu du Iñaki Egaña historialariaren ikerketak. 130 urtean lehen aldiz seien izenak ahoratu dituzte Bulebarrean egindako ekitaldian: Vicente Urzelai, Rufino Azpiazu, Justo Pérez, Bernardina García, Juan José Arza eta Martín Osés. Azken hirurak gaur arte ezezagunak ziren. Hemendik aurrera, ordea, kioskoan jarritako plaka batek gogoratuko ditu. Lore eskaintza egin eta aurreskua dantzatzearekin batera plaka jarri baitute herri ekimeneko kideek hildako sei euskal herritarren izenekin kioskoaren behekaldean.
Gamazada Euskal Herri mailako mugimendua izan zen, eta hori ere aldarrikatu nahi izan dutenez eta garaian mugimenduak indar gehien Nafarroan hartu zuenez, ‘Monteagudoko makil dantza’ abestu dute; herriaren arteko batasunari aldarri eginez.
Kantuen indarra
«Baina zer gertatu zen Donostian?» galdetu du herri ekimeneko kideak, eta jarraian gaur bezalako egun bateko giroa deskribatu du: «Udako giroa zegoen, zezenketak, Kasinoa jendez lepo… Eta hemen, Bulebarreko kioskoan udal banda jotzean ari zen. Kontzertua bukatu zenean, herritar talde batek bandako zuzendariari ‘Gernikako Arbola’ jotzeko eskatu zion, hori baitzen Gamazadaren soinu banda». Bandako zuzendariak ezetz erantzun zien, alkateak errepertoriotik kanpo zegoen ezer ez jotzeko «espresuki» agindu ziola eta. Baina herritarrak ez ziren isilik geratu, eta ‘Gernikako Arbola’ a capella kantatu zutela kontatu du ordezkariak. Garaiko udaltzainak kantuan zeudenak atxilotzen saiatu baziren ere, ez zutela lortu azaldu du aurkezleak eta «Gora Foruak! Goazen Sagastaren etxera!» oihuen ondotik, Londres Hotelera abiatu zirela matxinadan. Guardia Zibilak 30 tiro eman zituen gutxienez, eta orduan hasi zen errepresio katea ekimeneko antolatzaileen arabera.
Horrela kontatu dute historia Bulebarreko kioskotik, eta ondoren, Beñat Gaztelumendi bertsolaria igo da, azaldu du «historia ofiziala ez dena» bertsoz kontatu izan dela urteetan zehar, eta berak egungo talaiatik papereko bertsoak jarri dizkio gertakariari; guztiek batera abesteko ekitaldiaren hasieran banatu dituzte paperok. «…Espainiak herri hau/ menderatu nahi du/ herritarrek foruak/ nahi dituzte zaindu/ askatasuna baietz odolez ordaindu», lehenengo bertsoan kokatu du muin politikoa laburki Gaztelumendik, izandako ondorioak aurreratuz. Gertakarien errepasoaren ondotik, iraganaren eta orainaldiaren zubia eraiki du «horiek dira gaurko/ borroken sustraiak». Eta azken bertsoan, garaiko mugimenduaren esentziari eutsi dio: «...Gaur 130/ urtetara batuz/ omendu nahi ditugu/ ahotsak goratuz/ matxinatu zirenak/ harriz eta kantuz» botaz, ‘Gernikako Arbola’ kantuaren doinuan osatu ditu bertsoak, aipaturiko soinu bandari keinu eginez.
«Ikurriña izango zenaren lehen zirriborroa» Gamazada mugimenduaren baitan ikusi zela lehen aldiz gogoratu dute, eta euskaldunek «beren buraren jabe izan nahiaren borondatearen sinboloa» dela azaldu. Burujabe izatearen nahia ez zela Gamazadarekin hasi azaldu dute jarraian, aspalditik datorrela, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako herritarren nahia zela aldarrikatzeko Fermin Valenciak ‘Amaiur’ abestia jo du, «Euskal Herriko Askatasuna Amaiurko gazteluan» estribilloa herritar denek batera kantatzen zuten bitartean.
Abesti bidez oroitutako gertakarian ezin zuen hutsik egin horrenbestetan aipatua izan den soinu bandak, gogotik abestu dute ‘Gernikako Arbola’ kiosko parean elkartutako herritarrek.