NAIZ

Aldaketaren olaturako indarrak biltzeko manifestazioa deitu du Sortuk irailaren 10erako

Gipuzkoan eta Euskal Herrian aldaketaren olatua eragiteko aukera parez pare irekita zegoela erakutsi zuen Sortuk duela urtebete. Gaur olatu hori iritsi dela baieztatu dute, eta bultzatzeko asmoz manifestazioa antolatu du Donostiako estropaden bigarren iganderako, irailaren 10erako.

Kontxako estropadetako bigarren igandean manifestazioa eginen du Sortuk. Astelehen honetan iragarri dute kide batzuek.
Kontxako estropadetako bigarren igandean manifestazioa eginen du Sortuk. Astelehen honetan iragarri dute kide batzuek. (SORTU)

Irailaren 10ean, Kontxako estropaden bigarren igandean, manifestazioa eginen dutela iragarri dute Sortuko zenbait kidek. Independentziarako indarra biltzen segitzeko jai giroko ekitaldia izanen da.

Oroitu dutenez, iaz manifestazio horren amaieran aipatu zuten Gipuzkoan eta Euskal Herrian aldaketaren olatua eragiteko aukera parez pare irekita zegoela. «Gaur diogu olatu hori iritsi dela, eragin dugula, besteak beste, maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskunde emaitzek erakusten duten legez», adierazi dute.

Euskal Herrian ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak dira Sorturen ustez, eta horren alde borrokan eta eguneroko lanean segitzeko deia egin du.

«Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko ezinbestekoa da ziaboga indartsu bat. Bizitzak eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen olatua izan behar du». Horretarako «herri indarra lantzen segitzeko borondate osoa» du Sortuk.

Erronkaz betetako lan urtea

Uztailaren 23an «faxismoari Euskal Herrian marra gorria ezarri» ondotik, erronkaz betetako lan urte politikoa dator alderdi independentistarentzat. «Mehatxu atzerakoien aurrean, guztion onurarako izango diren eskubideen alde borrokan segitu behar da orain».

Zaintza sistema publiko eta komunitarioa, euskaldunon aurkako erasoei aurre egin eta jauzi berriak ematea, etxebizitza eskubidea, udalgintzatik proiektu eraldatzaileak sustatzea, aberastasunaren errotiko banaketa, trantsizio ekologiko justua eta euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko borrokak aipatu dituzte.

«Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean, burujabetza gero eta gehiago izateak emango baitizkigu eskubide horiek denak bermatzeko tresnak. Independentziarako indarra», azaldu dute.

«Hemen, bada egunero egiten eta eragiten ari den herri bat. Aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan ari den indarra».

Manifestazioa irailaren 10ean, 13.30ean hasiko da Donostiako Bulebarretik. «Olatua abian da, goazen independentziarako indarra biderkatzera», animatu dute.