Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Olatu handien artean Zumaiak Hondarribiaren aurretik egin du; Hibaika eta Kaiku ere barruan

'Telmo Deun' traineruak itsaso eta haize zakarrei aurre egin die, eta Kontxako Banderan sartu da, estropada bikaina eginik. Zumaiak erlojupekoan laugarren denborarik onena egin du, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku atzean utzita. Orio, Arraun Lagunak, eta Tolosaldea izan dira lehen hiru sailkatuak.

Zumaiako bi arraunlari, erlojupekoa amaitu berritan, Kontxarako sailkapena lortu dutela ospatzen.
Zumaiako bi arraunlari, erlojupekoa amaitu berritan, Kontxarako sailkapena lortu dutela ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egun zaila izan dute gaur arraunlariek Kontxako badian. Olatu handiak eta haize oso zakarra. Batez besteko 1,5 metroko olatuak. Santa Klarako uhartea pasatuta, kasik 2 metrokoak. Olatu handiak ez ezik, haize bolada handiak ere bazeuden, 35 kilometro orduko abiaduraz.

Baldintza horietan distira gehien Zumaiak egin du, Orioren, Arraun Lagunak-en eta Tolosaldearen baimenarekin. 'Telmo Deun' ontziko arraunlariak pozez zoratzen zeuden, eta ez da gutxiagorako: Kontxarako sailkapena lortzeaz gain, laugarren denborarik onena egin dute. Euskotren Ligako Hondarribiaren eta Hibaikaren aurretik geratuta.

ETE ligako txapeldunordeak gaitasuna baduela erakutsi du, eta erlojupeko bikaina osatu du: ziabogan, hiru faboritoen atzetik, laugarren denborarik onena markatu du, eta helmuga zeharkatzean ere, abantaila horri eutsi dio. Bidean Galiziako Cesantes eta Cabana traineruak ere aurreratu ditu.

‘Ama Guadalupekoak’ egin du bosgarren, Hibaikak seigarren eta Kaikuk zazpigarren. Hala, euskal traineruen artean banatu dute pastela, eta galiziarrek ez dute mokadurik hartu. Txapela izan da Galiziako lehen ontzia, Kontxarako sailkatzetik gertuen egon den trainerua; Kaiku baino bost segundo geroago iritsi da. Euskotren Ligako Cabo izan da bederatzigarrena, eta Zarautz hamargarrena.

Faboritoak, lasai

Zozketa bidez erabaki da faboritoen multzoak ekingo ziola aurretik estropadari, eta, gainera, ligan ohorezko txandan egon diren hiru traineruak irten dira lehenak: Tolosaldea aurretik, Orio ondoren, eta Arraun Lagunak azkenik. Ziabogan Oriok ezarri du markarik onena: 7.05; ‘Lugañene’ hamabi segundora eta Tolosaldea hamazazpira.

Brankaz bereak eta bi egin behar izan dituzte traineru guztiek, ontziak zanbuluka ibili dira. Hiru faboritoek haien estropada egin dute; jakinda, Kontxara ez sailkatzeko hutsegite larriren bat egin behar zutela. Ez da hala izan, eta bigarren luzean, poparean, lasaitasunez eta presa handirik gabe amaitu dute estropada.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, olatu artean, trainerua gidatu nahian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mirotzek izan dute sustoren bat, Nadeth Agirre patroiari ontzia ia norabidez aldatu dioenean. Patxi Francesen hamalaukoa izan da lehena, Juan Mari Etxaberena bigarrena, eta Ramon Erostarberena hirugarrena.

Hiru faboritoen atzetik lehia polita egon da, Kontxara sailkatzeko beste lau txartelak nork lortuko. Hasiera batean ematen zuen Hondarribiak eskuratuko zuela laugarren tokia, ligan egin duen bezala, Tolosaldearen atzetik geratuta. Baina Zumaia, B multzoan zegoenez, geroago abiatu da, eta ziabogan denbora markatu orduko, kinka larrian ipini ditu Hondarribia, Hibaika, Kaiku eta Txapela. Horietako bat, Kontxatik kanpo geratuko zelako. Azkenerako, Galiziako ontzia geratu da kalean.

Kaikuren estropada ere txalotzekoa izan da. ETE ligako txapeldunak erreferentzia ona zuen ziabogan; Hibaika baino segundo bat motelago zihoan. Poparean, ordea, sei segundo handitu dio aldea Errenteriako ontziak. Kaikuren mendeurrenean, opari ederra eman diote klubari; ETE ligako txapeldunak izateaz gain, Kontxan sartu dira. Denboraldiari ginga jartzea izango da, Euskotren Ligara igotzea lortzen badute, baina orain Kontxan dute burua.

Galiziarrak, kanpoan

Eguneko beste albistea hau izan da: Galiziako ontzi guztiak kanpoan geratu direla. Espero zitekeen Tiran ez sartzea, kontuan harturik Euskotren Ligan ia beti azkena geratu dela, eta segundo askorengatik, gainera. Caborekin zalantza gehiago egon zitezkeen, baina horiek ere kanpoan geratu dira. Txapela izan da onena –aurten Euskotren Ligan egon behar zuen, baina plazari uko egin zion–, eta iaz Kontxan sartu bazen ere, aurten ez da sailkatu.

 

Kontxako sailkapen estropada

1. Orio 12:23.24
2. Arraun Lagunak 12:31.42
3. Tolosaldea 12:36.92
4. Zumaia 12:57.88
5. Hondarribia 13:04.42
6. Hibaika 13:06.58
7. Kaiku 13:12.98
8. Txapela 13:18.94
9. Cabo 13:23.94
10. Zarautz 13:39.02
11. Astillero 13:41.92
12. Ondarroa 13:46.90
13. Tiran 13:56.98
14. Deustu 14:08.48
15. Perillo 14:25.28
16. Hernani 14:34.44
17. Cesantes 14:44.02
18. Cabana-Ferrol 15:05.66