NAIZ

Espainiako Gobernuak urtebete atzeratuko du unibertsitatera sartzeko probaren erreforma

Espainiako Gobernuak urtebete atzeratuko du unibertsitatera sartzeko probaren erreforma. Hala ez da aldaketarik izango 2024an egingo diren azterketetan. Izan ere, Gobernuak jardunean dagoenez ezin du erreforma onartu Ministroen Kontseiluan.

Ez da aldaketarik izango 2024an egingo diren azterketetan.
Ez da aldaketarik izango 2024an egingo diren azterketetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Espainiako Gobernuak urtebete atzeratuko du unibertsitatera sartzeko probaren erreforma, eta, beraz, ez da aldaketarik izango 2024an.

Gobernuko iturriek Europa Pressi baieztatu diotenez, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak autonomia-erkidegoei helarazi die erabakia, eta ostegun honetan telematikoki bildu da haiekin. Unibertsitate Ministerioak ere gaur goizean bertan jakinaraziko die erabakia unibertsitateei.

Pilar Alegriak zuzentzen duen ministerioak unibertsitatera sartzeko proba berriaren errege dekretuaren tramitazioa «erabat amaituta» utzi zuen arren, Espainiako Gobernuak, jardunean dagoenez, ezin du erreforma Ministroen Kontseiluan onartu, aipatutako iturriek azaldu dutenez.

Hala, Espainiako agintariek unibertsitatera sartzeko egungo probari eustea erabaki dute, eta azterketa berriaren ezarpena urtebetez atzeratzea. Aurreikusita zegoen 2024an hastea, 2028an behin betiko ezarrita egoteko.

Beraz, unibertsitatera sartzeko hurrengo probak aurreko ikasturteko eredu berari jarraituko dio; galdera ireki eta erdi-irekiekin. Galdera mota horiez gain, egungo ereduan aukera anitzeko galderak ere erabil daitezke, betiere proba bakoitzean galdera ireki eta erdi-irekiei esleitutako puntuazioa gutxienez %50ekoa bada.

Atzeratu den proba berrian test motako galderak ezabatuko dira eta ariketak egiteko denbora luzatuko da, 90 minututik 105 minutura; izan ere, Pilar Alegriak zuzendutako sailak dioenez, «kontuan hartzen dira ariketaren irakurketa, analisia eta garapena».

Errege-dekretuaren proiektuak dakarren beste aldaketa bat da ikasleek, sarbide-proban matrikulatzeko unean,  Historiako edo Filosofiaren Historiako azterketa egitea aukeratuko dutela. Gainera, hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan ikasleek hizkuntza horretan egin dezaketen azterketa bat gehituko da.