Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena Caixabank Masterseko finalerdietara sailkatu dira gaur Antzuolan Larrazabal eta Zabaletari 22-11 irabazi ostean. Iazko txapeldunek irabazi beharra zeukaten, laugarren puntua bildu eta ligaxkako sailkapenean Peña-Rezusta bikoteari aurrea hartzeko, eta halaxe egin dute. Zoritxarrez, neurketa oso kaxkarra atera da.
Ikusmina zegoen, batez ere gaur egungo bi atzelari onenen arteko lehia ikusteko, baina ikuskizunak ez ditu aurreikuspenak bete, ezta gutxiago ere. Urdinak oso galtzaile ibili dira norgehiagokaren lehen erdi luzean, eta gorriek nahikoa izan dute partida serioa jokatzea markagailuan nabarmen ihes egiteko.
Adibide batzuk jartze aldera: lehen tanto aipagarria urdinen 4-4koan iritsi da, Zabaletak bikain baztertutako pilotakada batean; bigarrena 8-4koan, Ezkurdiak txokoan airez utzitako pilota batekin. Eta Larrazabalek jokoan egindako aurreneko tantoa 17-8koa izan da, gantxo bikain batekin, hori bai.
Zazpi tantoko takada bati esker 17-6 aurreratu dira markagailuan Ezkurdia eta Mariezkurrena, eta neurketa erabat apurtuta geratu da. Dena galduta zegoenean iritsi dira Iker Larrazabalen erremate onenak, ordura arte oso galtzaile ibili ondoren –zorte txarra ere izan du zenbait gantxotan txaparekin–. Baina baita Joseba Ezkurdiarenak ere, neurketa 22-11 ixteko 50 minutu eskasean.
«Erraztasun asko eman dizkigute eta guk nahikoa izan dugu serio jokatzea. Jon oso ongi ikusi dut, nik ere zuzen jokatu dudala esango nuke, eta erraztasun horiek baliatu ditugu», onartu du Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Lehen helburua Navarra Arenan egotea zen –bertan jokatuko dira finalerdiak (irailaren 29an) eta finala (urriaren 1ean)– eta pozik hori behintzat lortu dugulako», gaineratu du.
Jose Javier Zabaleta, bestalde, oso burumakur agertu da ETBko kameren aurrean. «Azkeneko partidetan bezala neurketa osoa oparitu dugu. Ez dugu bikotea osatzen. Une jakin batzuetan jokatzen dugu, batzuetan nik eta besteetan berak, baina biok batera ez dugu ongi jokatzen», onartu du Etxarrengo atzelariak.
Hala ere, lehiaketa honek aukera asko ematen ditu akatsak zuzentzeko. Hasteko, datorren asteburuan play-off deitzen diotena jokatuko da: bigarren geratu diren Peña-Rezustak bosgarren geratu diren Larrazabal-Zabaletaren aurka eta hirugarren eta laugarren geratuko diren bikoteek elkarren kontra, Altuna-Imaz eta Jaka-Martija. Lau horietatik bakarra geratuko da kanpoan eta beste hiru bikoteek finalerdietarako txartela eskuratuko dute.
Pilotakadak: 450. Partidaren iraupena: 48 minutu eta 44 segundo. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-4, 8-4, 8-5, 10-5, 10-6, 17-6, 17-8, 19-8, 19-11 eta 22-11. Sakez: 4 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 5 Ezkurdiak, 1 Mariezkurrenak, 4 Larrazabalek eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 2 Mariezkurrenak, 7 Larrazabalek eta 5 Zabaletak. Gertaerak: Antzuolako pilotalekua. Caixabank Mastersaren bosgarren jardunaldiko partida. Lehen sakea, urdin.