NAIZ

Ia 8.400 ikaslek hasiko dituzte astelehen honetan 2023-2024 ikasturteko eskolak NUPen

NUPeko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) graduko ikastaroetako ia 8.400 ikaslek astelehen honetan hasiko dituzte ikasturte berriko eskolak. Pasa den ostiralean, 2.200 lagunek hartu zuten parte informazioa emateko campusetan urtero egiten den Ongietorri Jardunaldian. 

NUPeko ikasle berriak ostiralean, informazio puntuetan.
NUPeko ikasle berriak ostiralean, informazio puntuetan. (NUP)

Graduko ikastaro guztietako 8.400 ikasle inguruk 2023-2024 ikasturteko eskolak hasiko dituzte astelehen honetan, irailak 4, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).

Pasa den ostiralean hasi ziren campusetara gerturatzen. 2.200 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten unibertsitate publikoak Iruñeko (Arrosadia eta Osasunaren Zientziak) eta Tuterako campusetan urtero antolatzen duen Ongietorri Jardunaldian.

Jardunaldi horretan, gradu bakoitzeko ikasleei modu bereizian eskaintzen zaizkien aurkezpenez gain, hasten duten etaparako erabilgarritasun orokorreko gaiak azaltzen dira, hala nola MiAulario ataria edo Mentoria Programa.

Informazio-guneak

Hitzordurako karpa bat jarri zuten Liburutegia eta Arrosadiako Campuseko Ikasgelategiaren arteko zelaigunean. Bertan informazio-guneak egokitu zituzten ikasle berrientzat, unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzu eta jardueretako batzuen gaineko funtzionamendua azaltzeko, baita ikasleen antolakunde ezberdinen inguruko informazioa emateko.

Karpan, bestalde, ‘Come y calla’ antzezlanaren bi saio eskaini zuen UPNAko Antzerki Taldeak. Era berean, hainbat kirol erakustaldi ikusi ahal izan zuten, unibertsitatean egin daitezkeen jarduerak erakusteko.

Hitzorduan Liburutegia ezagutzeko aukera ere izan zuten ikasle berriek, bisita gidatuen bidez.