«Salatu nahi dut gaur hemen Donostian ikusi dudana ez dudala sekula ikusi. Hasieran, baskulek bateriarik ez zeukatela, gero uretan ohartarazpen bat jarri didate eta errematea izan da azken tandan lehendabizikoan aritu diren ontzien erreferentziarik ez izatea. Zertara gatoz hona? Aurtengoa nabarmena izan da». Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailearen hitzak dira hauek. ‘Bou Bizkaiak’ garaipena eskuratu zuen Kontxako Banderako lehen jardunaldian, azken luzean Hondarribiaren denbora hobetuta, atzetik aurrera eginda.
Garaipena, baina, itzalean geratu zen kontu batengatik: lehen txandakoen erreferentziarik gabe aritu ziren bigarrengoak, eta honek harridura eragin zuen zaleen artean, bai eta kirolarien beraien artean ere, Zabalaren hitzek adierazten duten moduan. Lehen ziabogako erreferentzia denbora soilik adierazi zuen ETBk –Urdaibai baino 12 segundo azkarrago aritu da ‘Ama Guadalupekoa’– eta zuzeneko emankizunean esatari modutara aritzen den Mikel Olazabalek adierazi du arrazoi hau «norbaitek iturria itxi» duelako izan dela.
Itzulerako luzean ere ez zen islatu aurreneko txandakoen denbora, azken 100 metroak falta zirenean Hondarribiak eginiko denbora adierazi duteneraino.
Olazabalek adierazitakoa ez ezik, esanguratsua da baita ere Euskadi Irratiko esatari Manu Maritxalarrek zuzeneko emankizunean esandakoa, epaila batek harturiko erabakia zela, alegia. Hasiera batean, bigarren txandako estropada ematen ari zirela, zalantzarako tartea ireki zuen, arrazoi teknikoak izan zitezkeela adierazita. Alboan zituen adituek baina zuhurtziaz hartu zituzten azalpenak. Behin estropada bukatuta, adierazi zuen atzo arduradun zegoen epailearekin –«[Joseba] Clavijo jaunarekin»– Gipuzkoako txapelketa batean ere arazoak izan zituztela, honek adierazi baitzuen bera epaile arduradun zen bitartean ezin zirela eman erreferentziarik behin txanda bukatuta.
«Iker Zabalak ETB1en emandako adierazpenak iritsi zaizkit eta sutan dago gizona, eta ez da gutxiagorako ere», adierazi zuen tinko Maritxalarrek.
Guztia nahasteko, EITB-k Kontxako Banderaren berri ematen zuen albistean «arazo teknikoa» jotzen du erreferentziarik ez egoteko arrazoi nagusitzat.
Nahaspila honek, noski, hautsak harrotu ditu sareetan –izan teknologikoak zein tabernako barran zehar sortzen direnetan–, Joseba Fernandez Lapurdiko ontziko entrenatzaileak esandakoa adierazgarri moduan hartuta.
Gipuzkoarra naiz ta gipuzkoarrak irabaztea nahi dut baina arrazoi guztia du...ezin dut ulertu azpi joko hau...ze beharra dago? zergaitik? Ez al dira konturatzen kiroltasunez ez jokatzeak irudi itsusia ematea besterik ez dela lortzen? https://t.co/N86n8sIrdx
— Joseba Fernández (@Joseba35) September 3, 2023
Polemika, gainera, gizonezkoetan bakarrik eman da, emakumezkoetan ondo adierazi baitira lehen txandakoen erreferentziak eta beraz, are ulergaitzago bilakatzen du egoera.
Epaile buruak erabaki du txanden arteko erreferentziarik ez ematea? Alegia, GPS-ko datuak ez erakustea? Hala bada, zergatik ez du egin emakumeen kasuan? Ze emakumeen kasuan eman dira diferentziak...
— andoni urbistondo (@urbixxx) September 3, 2023