76 urterekin, Iggy Pop estatubatuarra izango da, oraindik ere, musika agertokian energiarik gehien trasmititzen duen artistetako bat eta, bere ibilbide zabalarekin, Iguanak esandakoek beti dute pisu berezia. Bere milaka zaleei musika gomendioak egiteko saioa du rock abeslariak BBC Irratian eta pasa den igandeko saioa hasteko Anoetako harmailan ezaguna den abesti bat aukeratu zuen. Brigade Loco bergararren ‘Bultzada’ kantua izan zen, hain zuzen ere, Iggy Confidential ireki zuena.
Saio honetan, Iggy Popek momentuan entzuten ari den abestiak gomendatzen ditu eta berezi zerk egiten dituen azaltzen die zaleei. «Wow, ez dut abestian diotena ulertzen, baina zuzenak eta gogorrak dira. Abeslariak dena nola ematen duen gustatzen zait», azaldu zuen denboraldiko bosgarren saioa ireki zuen kantuari buruz. Abestian, ume batek Anoetarekin eta Realarekin izan zuen lehen kontaktua kontatzen da eta talde txuriurdinarekiko garatu duen pasioa nolakoa izan den azaldu. Bultzada Aitor Zabaleta harmailan giroa jartzeaz arduratzen taldea da.
«Gustatzen zaizkit. Californiako Social Distortion taldea gogorarazten didate. Hauek euskaldunak dira, Brigade Loco dute izena eta Bergarakoak dira, Gipuzkoako herri bat, eta abestiak ‘Bultzada’ du izena», gaineratu zuen.
Gipuzkoa eta Donostia ez zaizkio arrotzak Detroitekoari, urrutira joan gabe, kontzertu gogoangarri bat eman zuen iazko Jazzaldian Kursaalean eta ziur igandetik askoz jende gehiagok izan duela Brigade Loco bergararren berri.