Lau mende atzerago sorgin ehizatik ihesi Hego Euskal Herrira jo zuen Kattalin Elizalde izena hartu du Senperen Seaskak ireki berri duen kolegioak.
Bertan egin dute, hain zuzen, asteazken honetan eskola sartzearen xehetasunak emateko agerraldia Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta ikastetxe berri horren lehendakari den Mixel Bidegainek.
Biek ala biek zazpi hilabetez altxatua izan den eraikuntzak murgiltze ereduaren garapenari begira izanen duen garrantzia nabarmendu dute.
Senpereko aintziratik hurbil, Zuraideko bidean kokatzen den kolegioan lanak ez badira guztiz amaitu ere, bosgarren eta seigarren mailako 82 ikaslek hasiera eman zioten irailaren 4an kurtso berriari.
Izan ere, ondoko urteetan 150 ikasletik goiti bilduko direla Seaskaren bosgarren kolegio horretan nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko ikastoletako arduradunek.
Seaskak kudeatzen duen sarean txertatuko den 39. ikastetxea eta Euskal Herri mailan zabalduriko 114. ikastola izanen da Kattalin Elizalde kolegioa.
Bertan Arrangoitze, Basusarri, Ahetze, Azkaine, Senpere, Sara, Zuraide, Ainhoa, Urdazuri eta Zugarramurdiko 11-12 eta 14-15 urte arteko haurrak hartuko dituzte.
Bigarren Hezkuntzari buruzko eskaintza zabalduz
Kolegio berriari esker Lapurdi barnealdera zabalduko du bigarren hezkuntzari buruzko eskaintza Seaskak, eta era berean Ziburu-Urruñan kokatzen den Piarres Larzabal kolegioan azken urteetan sumatu duten saturazioaren arazoriari irtenbidea emanen dio.
Bertatik heldu da, hain zuzen, Senpereko kolegioaren beste hainbat ordezkari bezala gaurko agerraldian presente izan den Iñaki Lekuona, ikastetxe berriaren zuzendaria.
Echart enpresaren lanak baina baita gurasoen engaiamenduak posible egin dutela badira lau mende injustuki kondenatua izan den emaztearen izena betikotuko duen kolegioa garaiz irekitzea nabarmedu du Jorajuriak.
4.177 ikaslek sartzea egin zuten astelehenean Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastoletan. Haur horiek guztiek haur hezkuntzatik hasita eta lizeo artean euskaraz ikasteko aukera izanen dutela oroitarazi du Jorajuriak. Izan ere, Seaska baita ziklo guztietan murgiltze eredua eskaintzen duen sare bakarra.
Orotara iaz baino 11 ikasle gehiago errezibitu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastoletan aurtengo sartzean. Ez da marka makala ikasle kopurua urte batetik bestera ttipituz doala aintzat harturik.
Izan ere, ondoko egun eta asteetan eskolako bidea lehen aldiz hartuko duten bi urteko haurrak falta dituzte oraindik. Ondorioz, 2023-2024 ikasturtean 4.200 ikasleen langa gaindituko dela Ipar Euskal Herriko ikastoletan aurreikusten dute Seaskako arduradunek.
Iaz baino 49 ikasle gehiago izanen dira Seaskako bost kolegioetan eta Seaskak kudeatzen duen lizeo bakarrean 25 gazte gehiagok eman dute izena aurten.
Baionako eskualdean garapen polita
Baionako eskualdean ikasle kopuruak goiti egiten duela nabarmendu du Jorajuriak.
Hala nola Oihana ikastolan 155 ikasle bilduko dira ikasturte honetan, iaz baino 18 gehiago, eta Hiriondo ikastolan 71 haur matrikulatu dira, iaz baino lau gehiago.
Angeluko ikastolan 126 ikasle izanen dituzte, iaz baino sei gehiago eta bost ikasle gehiago heldu dira, baita ere, kurtso berria 104 ikaslerekin abiatu duen Hiriburuko ikastolan (+5).
Seaskaren garapena, ordea, lurralde osoan islatzen da. Hala, Amikuzeko dinamika izan du aipagai Jorajuriak, Nafarroa Behereko eskualde horretan lehen aldiz 100 ikasleen heina gainditu baitu ikastolak.
Finean, ikastola ttipiek izan duten garapen polita nabarmendu du Seaskako lehendakariak. Adibide bat emateagatik, lau haur baizik ez zituen Bardozeko Xarnegu ikastolak 2021ean bere ateak ireki zituenean; aurten, berriz, 15 ikaslek egin dute sartzea.
Erronkak
Izan ere, lortutakoa ospatzearekin batera erronka berriak finkatu dituzte Seaskako arduradunek. Senpereko kolegioan lanak bururatzea dute xede, besteak beste klase-gela berriak, sukaldea eta kirol eremua sortuz. Bestalde, Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko baimena eskatu du Seaskak eta urte amaitu aitzin erantzun bat izatea espero du.
Egitasmo zehatzetatik haratago Seaska, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta frantses Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena 2022ko agorrilean agortu zela oroiratazi du Jorajuriak. Joan zen ikasturtean bilkura bi egin bazituzten ere itun berria sinatzeko aitzinamendurik ez zela lortu aitortu du Seaskako lehendakariak.
Hezkuntza ministro berria den Gabriel Attalekin elkarrizketaren bidea zabaltzeko esperantza agertu du Peio Jorajuriak, Seaskaren garapenari soilik ez murgiltze ereduak behar duen babesari buruz ere hitz egiteko prestutasuna mahai gainean ezarriz.