NAIZ

Araudi berria New Yorken epe laburreko alokairu turistikoak mugatzeko

New Yorkeko Udalak epe laburreko alokairu turistikoak mugatzeko onartutako araudi berria asteartean sartu da indarrean. Airbnb plataformak gogor kritikatu du: «Hiriak mezu argia bidaltzen die milioika bisitariei: ez zarete ongietorriak».

Hainbat auto eta txirrindulari bat New York-eko Brooklyn zubia zeharkatzen.
Hainbat auto eta txirrindulari bat New York-eko Brooklyn zubia zeharkatzen. (Getty)

New York hiria astearte honetan hasi zen epe laburreko alokairuei zuzendutako ekimen berriak ezartzen pairatzen ari den etxebizitza krisiari aurre egiteko.

Hala, 30 egun baino gutxiagorako etxeak alokatzen dituzten jabeak Udaletxean erregistratu beharko dira lizentzia bat lortzeko, eta zenbait arau bete beharko dituzte. Besteak beste, anfitrioiak beren etxeetan egon beharko dira ostatu-hartzailea bertan dagoen bitartean, eta maizterrak etxe osorako sarbidea duela ziurtatu beharko dute. Ez du balio espazio bat isolatzeko ateak ixteak.

Ekimen honekin alokairu turistikoen kopurua mugatu nahi du Udalak, izan ere 40.000 apartamentu turistiko baino gehiago eskaintzen ditu Airbnb plataformak hirian, eta agintarien ustez 10.000 apartamentu inguru legez kanpokoak ziren 2022an.

Presio turistikoaren mende dauden munduko beste hiri batzuetan bezala, New Yorkeko agintariek uste dute apartamentu turistikoen ugaritze horrek egoiliar iraunkorren alokairuen prezioak igotzen laguntzen duela eta hiriak pairatzen duen etxebizitza-krisia larriagotzen duela.

Airbnb-ren erantzuna

Neurri berriak Airbnb turismo-pisuen plataformen haserrea piztu du, eta bere jarduera debekatzeko martxan jarri den ekimena dela dio. «Hiriak mezu argia bidaltzen die orain New Yorken ostatu hartzeko aukera gutxiago izango dituzten milioika bisitariei: ez zarete ongietorriak», esan du Theo Yedinsky Airbnb-ko politika globaleko zuzendariak.

Plataformako bozeramaile batek azaldu duenez, New Yorkeko araudia «anomalia» bat da, baita apartamentu turistikoak arautzea erabaki duten hirien artean ere, Los Angeles edo San Francisco, esaterako. Bertan anfitrioiek beren pisua plataforman eskaini ahal dute, beraiek egon gabe.

Ekainean, Airbnb-k salaketa jarri zuen New Yorkeko agintarien aurka, eta onartutako neurriak indarrean sartzea hilabete batzuk atzeratzea lortu zuen, araudia uztailaren 1ean aplikatzen hastea aurreikusita baitzegoen. Hala ere, epaile batek salaketa  atzera bota zuen joan den hilean, agintariek eskaintzen diren apartamentuen legezkotasuna kontrolatu nahi izatea «zentzuzkoa» dela argudiatuz.

Bere webgunean zabaldutako mezu batean, plataformak deitoratu egin du bere eskaria atzera bota izana, eta gogorarazi die anfitrioiei gaurtik aurrera bi aukera dituztela: erakundeetan erregistratzea edo ostatuek eskaintzen duten denbora 30 egun baino gehiagora luzatzea.