NAIZ

Bilbao Basketek Pantzarren gaztetasuna eta abiadura baliatu nahi ditu lehiakor izateko

Asteazken honetan aurkeztu du talde bilbotarrak 23 urteko antolatzaile suediarra, bi urteko kontratua sinatu ostean. Aurrez Bilbon jokatu duten suediarren gomendioei jaramon eginda etorri da Pantzar Bilbora eta Alex Renfroeren babesean «ikastea» eta «partida bakoitzean lehiatzea» bilatuko du.

Melwin Pantzar Bilbao Basketeko jokalaria, Begoñako basilikan.
Melwin Pantzar Bilbao Basketeko jokalaria, Begoñako basilikan. (@BILBAO BASKET)

Surne Bilbao Basketek Melwin Pantzar antolatzaile suediarra aurkeztu du asteazken honetan. Real Madrileko harrobian hazi zen eta Pablo Lasoren aginduetara 2018an, artean 18 urte baino ez zituela, egin zuen debuta ACB Ligan. Azken hiru urteak, berriz, Valladoliden eman ditu, Urrezko LEB Ligan eta taldea igoerako Lauko Finaleraino iritsi bazen ere, Zunder Palentziaren aurka aurrera egin ezinda, Stockholmen jaiotako antolatzaileak bai lortu du ACB Ligara igotzea, Bilbao Basketeko bi urteko kontratua eskaini baitio.

Denboraldiaren aurkezpenean bertan Jaume Ponsarnau entrenatzaileak garbi esan zuen: «denboraldi berri honi begira ACB Ligako hainbat taldek nahiko lukete Melwin fitxatzea, baina guk aldea ezarri genuen pasa den denboraldia amaitu baino ondotxo lehenago berarekiko interesa erakutsi genuelako. Benetan nahi genuen Melwin Bilbora etor zedin eta horrela lortu dugu fitxatzea».

Hori guztia aintzat hartuta, esker oneko hitzak izan ditu jokalari gazteak. «Klubaren inguruan gauza onak baino ez ditut entzun. Ni baino lehen beste suediar gehiago ere izan dira hemen: Tobias Borg, Ludde Hakanson eta Denzel Andersson, eta laudorioak dituzte klubari  eta zaleei buruz. Beraz, nire esker ona azaldu behar dut hona ekartzeagatik beste ezer baino lehen».

Helburu finkoegirik, ordea, ez du adierazi antolatzaileak. «Partida bakoitza lehiatzea izan behar da gure helburu nagusiena. Partida bakoitza irabazten saiatu behar gara, gure zaleengatik eta hiriagatik, inoiz ez baita jakiten zeini irabazi diezaiokezun».

Zer eskaini dezake?

Pasa den asteburuan Real Madrilen aurka oso itxura ona eman zuen Pantzarrek. 13 puntu saskiratzeaz gain, defentsan esku azkarrak erakutsi zituen baloi lapurretarako eta erasoan errekurtso zenbait. «Entrenatzaileak defentsan sakatzeko eskatu dit, pase lerro horietan batik bat, eta atzean lana gogor egiteko taldearen defentsa maila igotzeko; erasoan, bestalde, korrika egitea, barneraldiak eta saskiratze azkarrak bilatzeko eskatu dit, aurkarien defentsa antolatu gabe dagoen tarte horietan. Eraso estatikoan, berriz, taldeari jokatu arazteko eskatu dit ere», azaldu du jokalari suediarrak.

Badu oraindik zertan hobetua Pantzarrek, baina Alex Renfroe lako eskarmentudun antolatzaile baten ondoan irakasle bikaina dauka ere. «ACB Ligan eta Euroligan ere oso ibilbide luze eta oparoa dauka Alexek. Ez da beterano bakarra, Xavi Rabaseda ere hor dago, baina antolatzaile den aldetik, Renfroerengandik ikasi nahi dut, oso maila ona duelako», azpimarratu du.

Bestalde, Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol zuzendariak bere garaian Jaume Ponsarnauk esandakoa berretsi du, batik bat.

«Gure fitxaketa goiztiarrenetako bat izan da, beste ezer baino gehiago, bere gaitasunean itxaropen handia dugulako. Europa osoan dauden jokalari gazteen artean, etorkizun oparoetekoa duela uste dugu, baina horrez gain, aurreneko momentutik ekarpen handia izan dezakeela pentsatzen dugu. Defentsan gaitasun handia duela sinisten dugu, bai baloia daukan jokalaria zaintzeko edota defentsako laguntza egin edo pase lerroa zaintzeko orduan ere. Erasoan, berriz, bere abiadura eta bertikal jokatzeko joera nabarmendu ditzakegu», azaldu du Rafa Pueyok.