NAIZ

Eguesibarren UPNk Euskara ordenantza ez duela betetzen salatu du EH Bilduk

Eguesibarren UPNk ez duela Euskara ordenantza betetzen salatu du EH Bilduk. Euskarazko jardueren eskaintzarik ez dagoela eta ondorioz herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari direla nabarmendu du talde abertzaleak.

Eguesibarreko Udalaren egoitza.
Eguesibarreko Udalaren egoitza.

UPNren eskuetan dagoen Eguesibarreko Udalak ez duela euskararen udal ordenantza betetzen salatu du EH Bilduk ohar baten bidez. Talde abertzaleak nabarmentzen duenez, behin baino gehiagotan egin dituzte gisa honetako salaketak, baina oraingoan Nafarroako Arartekoak ere hauekin bat egin duela azaldu dute, Eguesibarreko herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituztela onartuz.

«Egun hauetan, ikasturtea hastear dagoela, herritar askok helarazi digute euskarazko jardueren eskaintzarik eza. Kirol, kultura, gazte edo beste edozein eratako jardueretan, haur, gazte edo helduentzako euskara eskaintza minimoa da», adierazi du Eguesibarreko EH Bilduk.

«Hala da, UPNk, gaur Udalean gobernatzen duenak, Navarra Sumak euskarafobiarekin hasitako bideari jarraitzen dio. Behin eta berriz, UPNk herritarren hizkuntza eskubideak urratzen eta zapaltzen ditu», gaineratu du EH Bilduk.

Eskubide urraketa hau ez da soilik euskararen esparruan ematen, EH Bilduk salatu duenez. Izan ere, antzeko jarrera du UPNk gobernantzarekin. «Arazo berberak errepikatzen dira», adierazi du talde abertzaleak.

«EH Bildutik lanean jarraituko dugu euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, are gehiago euskararen aurkako erasoek etenik ez dutenean», gaineratu du EH Bilduk.