Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

«Presioa baino gehiago, ilusioa gailentzen da» Bera Beran, Superkopa lehiatzear dela

Ostiral honetan hasita, Superkopa jokatuko du Bera Berak, etxean, Gasca kiroldegian. Formatu berrituarekin jokatzen da, Portugalgo ligako taldeak ere lehiatuko baitira. Donostiarrek Benfica izango dute lehen arerio eta beste finalerdia Malagak eta Madeirak jokatuko dute.

Imanol Alvarez, jokalariei azalpenak ematen, 2023-2024 denboraldiko lehen partidan.
Imanol Alvarez, jokalariei azalpenak ematen, 2023-2024 denboraldiko lehen partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ligako lehen jardunaldia jokatu, irabazi eta «nerbioak askatuta» iristen da Bera Bera denboraldiko lehen tituluaren lehiara. Superkopa jokatuko da Donostiako Jose Antonio Gasca kiroldegian, ostiral eta larunbatez, formatu berritua baitauka txapelketan. Historian lehen aldiz, Espainiako ligako eta Kopako txapeldunez gain, Portugalo bi talde onenak ere lehiatuko baitira. Malaga eta Madeirak jokatuko dute lehen finalerdia, ostiralean, 18.00etan eta donostiarren txanda izango da 20.00etan, Benficaren aurka. Final handia, larunbatean 21.00etan jokatuko da.

Bera Berak iaz Malagan ospatu zuen, hain zuzen ere, Superkopako garaipena eta arantza izan lezake talde andaluziarrak. Dena dela, Elke Karsten eta Maitane Etxeberria jokalariek, aukeran, finalera iritsiz gero, nahiago dute Malagaren aurka lehiatu, «ikuskizunagatik».

Lehenago, baina, lanak ongi egin beharko dituzte ostiraleko finalerdian, fisikoki «indartsua» den Benficaren aurka. Erreferentzia gutxi daukate baina Imanol Alvarez entrenatzaileak nabarmendu du erritmo aldetik Bera Bera baino motelagoa den arren, «jaurtiketetan indartsuak» dira eta beraz, «defentsan sendo eta adi ibili» beharko dute, gerturatzen ez uzteko.

Alvarezek bere taldea ondo ikusten du, «gogoekin, eta hori da garrantzitsuena, horrelako partidak jokatzeko gogoa edukitzea, ez ateratzeko urduri edo zalantzekin». Etxean jokatu izanagatik, «disfrutatzeko» deia ere egin du entrenatzaileak.

Bestalde, 16 jokalariak jokatzeko moduan daude eta jokatzen duenak jokatuta, taldeak maila mantentzen duela ziur da ermuarra, «alde horretatik, lasai nago». Garrantzitsua izango da arlo hau, dena ondo bidean, bi egunean bi partida jokatu beharko baitituzte.

Irabazteko presioagatik galdetuta, Alvarezek ñabartu du «zortea» dela: «Urteren batean ez bagaude hiru tituluen borroka honetan, faltan botako dugu. Entrenatzaile eta jokalarientzat zortea da horrelako talde batean jokatzea, irailean jada titulu batengatik borroka egitea. Disfrutatu egin behar da eta emaitza alde batera utzi, partida hauek jokatzeak suposatzen duen guztiaren prozesua bizi behar da».

Karstenek, aldiz, «ilusioa» nabarmendu du, «presioa ondo kudeatzeko baliabide» gisara adierazita. Sentsazio onekin iristen direla berretsi du, lehen partida 10 golengatik irabazita, «denok gustora bukatu genuen, bai indibidualki eta baita kolektiboki ere».

Bestalde, uste du Superkopa «denboraldi nola joango zaigun ikusteko proba egokia» dela eta azpimarratu du arerioan baino, beraien zereginean zentratu behar dutela garaipena bilatzeko.

Zaleen berotasunean

Bi egunetan eskubaloiko lau partida handi gertutik ikusteko aukera izango dute eskubaloi- eta kirol- zaleek. Oraingoz, larunbateko finalerako sarrerak dira gehien saldu direnak baina klubetik espero dute jendea ostiralean ere animatzea. Alde horretatik, Imanol Alvarez eta Maitane Etxeberria ziur daude «afizioak ondo erantzungo duela». «Partida garrantzitsu guztietan erakutsi dute gurekin daudela eta iaz oso giro polita bizi izan genuen Gascan», adierazi du entrenatzaileak.

«Urtez urte gero eta zaletu gehiago hurbiltzen dira, gero eta babes gehiago eskaintzen digute eta uste dut jendearentzat polita izan daitekeela asteburu osoko txapelketa ikustea», iritzi du jokalari gipuzkoarrak.

«Eskubaloia apur bat gustatzen zaionarentzat, aukera paregabea da, ez dago aitzakiarik eta badakit jendeak ez duela zalantza egingo eta giro polita biziko dugula», berretsi du teknikariak.