NAIZ

%100 elektrikoa den ‘billabesa’ berri bat Iruñerrian

Tranbiaren itxura duen eta %100 elektrikoa den autobus berria ibiliko da Iruñerriko herritarrak auzo batetik bestera mugitzen. L3 lineako zerbitzu osoa emango du ibilgailu berriak eta 80 lagunentzako edukiera du. Europako funtsen bidez erosi dituzte martxan jarriko diren ibilgailu berriak.

%100 elektrikoa izango den Billabesa Iruñerrian.
%100 elektrikoa izango den Billabesa Iruñerrian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tranbiaren itxura du, baina %100 autobus elektrikoa da. Diseinu abanguardista duen ibilgailua ‘Irizar ieTRAM 12’ modelokoa da eta 12 metroko luzera du. Ostegun honetan aurkeztu du Iruñerriko Mankomunitateak autobus berri hau, eta hurrengo egunetan sartuko da Euskualdeko Hiri Garraioaren flotan.

Iruñeko Aduanako Zokoa kalean egin dute aurkezpena, IMren egoitza berriaren ondoan, eta bertan egon dira Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusia, Berta Miranda, IMko lehendakaria, David Campion, Moventis taldeko zuzendari nagusia, Juan Gimenez, eta Iberdrolak duen ordezkaria, Eduardo Lobato.

Azaldu dutenez, aurreikusita dago 2024ko lehen hilabeteetan beste bederatzi ibilgailu iristea, eta hurrengo ekainean gainerako hamarrak sartzea zerbitzuan: «%100 elektrikoak diren 20 autobus berri hauek 2019az geroztik 9. linean zerbitzua ematen duten sei autobus elektrikoei gehituko zaizkie, eta, hortaz, horrek ahalbidetuko du billabesen flotaren eraldaketa digitalean aurrera egitea».

Ostegunean aurkeztu berri duten autobusak zerbitzu osoa emango du L3 linean, Zirkularra mendebaldea: hirigunea-Antsoain.

80 lagunentzat edukiera

‘Billabesa’ berri honek duen karga-potentzia 100 kW-ekoa da, eta 5 ordu baino lehenago
egiten da karga egileen arabera. Eta autobusean ontziratutako energiak gutxienez 16,5 orduko zerbitzua ematea bermatzen du.

Kontatu dute 80 lagunentzako edukiera duela ibilgailuak, hiru ate irristakor (trenetakoak bezalakoak), 26 eserleku (haietako 4 mugikortasun murriztuko pertsonentzat), bi gune gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak kokatzeko, eta gurpil-aulkiak sartzeko arrapala bikoitza (elektrikoa + eskuzkoa).

Kargatze sistemari dagokionez, autobus berriak kargatzeko EHGaren garajeetako nabean kargarako hamar ekipo artezle kokatu dira, 180 kW-ekoak, irteera bikoitza duten hamar banagailu elikatzen dituztenak. Haietako bakoitzari aldi berean bi ibilgailu kargatzea ahalbidetzen diote, 90 kWkoa bakoitza, edo bakarra, ibilgaiuak ahalbidetzen duen karga maximoan.

Aurkezpenean, gas kaltegarri gutxiago isurtzeaz gain, hiri-inguruneetan zarata arintzea ere positiboa dela nabarmendu dute: «Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotutako eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez isurtzeaz gain, ibilgailu berriak askoz ere isilagoak dira, eta, beraz, hiri- inguruneetan zarata arintzen laguntzen du horrek».

Elektrikoa den billabesa barrukaldetik.
Elektrikoa den billabesa barrukaldetik. (Iñigo URIZ | FOKU)

Europako funtsak

Ibilgailu berriak Europako funtsen bidez erosi dituztela zehaztu dute egindako aurkezpenean, funts horiek Hiri Garraioaren eraldaketa iraunkorrera bideratutako funtsak direlako: «Hain zuzen, Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioak (MITMA) 4,9 milioi euro eman dizkio Iruñerriko Mankomunitateari».

Ibilgaili bakoitzaren prezioa 498.000 eurokoa dela adierazi dute, eta MITMA Ministerioaren dirulaguntza, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, 200.000 eurokoa dela ibilgailu bakoitzeko.