Nerea Lauzirika
Bilbo

Orain arteko ildo beretik jarraituko du ELAk, «borroka sindikalaren alde eginez»

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak sindikatuak egindako lana goratu eta ikasturte berrirako asmoen berri eman dute. Lehendakariaren jarrera kritikatu dute eta LABi leporatu diote azken urteetan hartutako erabakiak «ELAri ihes egiteko» izan direla.

Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa, agerraldian.
Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa, agerraldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ikasturte berria hastear dela, ELAk urteko lehen hilabeteetan egindako lana goraipatu dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak, Bilbon egindako agerraldian. Halaber, aurrerantzean jarraituko duten bidearen berri eman dute, eta azaldu dute ildo beretik jarraituko dutela, «langileak antolatuz eta borroka sindikalaren alde eginez».

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak azken egunotan egindako adierazpenen inguruan mintzatu da Lakuntza: «Ez du onartzen jendartean dagoen haserrea bere politiken ondorio dela».

LABek asteartean adierazitakoari ere erantzun dio, horretaz galdetuta, eta azaldu duenez, «garrantzitsua da gutxiengoko akordioetara heltzea eta sindikalismo eredu bat ezartzea, eta hori da LABi planteatu dioguna beti».

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak herenegun adierazi zuen «dialektika positiboagoa» espero zuela aurrerantzean ELArekin, harremanean «berrikuntzarik ez» dagoela onartu bazuen ere. Gaur, Lakuntzak LABi leporatu dio azken urteetan hartutako erabakiak «ELAri ihes egiteko» izan direla. Adibide bezala azaldu du CCOO eta UGT sindikatuekin batera akordioak sinatu izana.

Halaber, deitoratu du LAB ELArekin batera utzitako negoziazio mahai instituzionaletara itzuli izana, azalpenik eman gabe.

Muñoak, ordea, urteko lehen hilabeteetan ELAk egindako lana goraipatu du. Azaldu du Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 150.000 langilek eguneratuta daukatela hitzarmena. Gaineratu du hiru herrialdeetatik Gipuzkoa dela bataz besteko soldata igoera handiena lortu duena, «ELAk hitzarmen gehien sinatu dituen lurraldean».

Horrez gain, Muñoak langile publikoen egoeraz ohartarazi du, soldata igoera txikiagoa izan baitute gainontzekoekin alderatuta: «Patronala gobernua denean, soldata igoera txikiagoa da».

Ildo beretik, Lakuntza kritiko agertu da Urkullu lehendakariarekin zein haren alderdiko buru den Andoni Ortuzarrekin. Izan ere, EBBko presidenteak adierazi du ELAk, EH Bildu eta LABekin batera «pintza» egiten duela EAJren gobernuaren aurka. Adierazpenoi erantzunez, Lakuntzak ordezkatzen duen sindikatua bereizi nahi izan du: «ELA zerbaitek desberdintzen badu bere autonomia politikoa da». Era berean, ziurtatu du EH Bildu ere kritikatzen dutela oposizioa egiteko moduarekin bat ez datozenean.

Lehendakariak zein Ortuzarrek horrelako adierazpenekin arreta desbideratu nahi dutela deritzo ELAko idazkari nagusiak. Horrez gain, Nafarroako Gobernua osatzeko PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek izenpetu duten akordioa «zehaztasun gabea eta anbizio sozial gutxikoa» dela adierazi du.

Horregatik, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite buru dituzten gobernuei galdegin die «entzun, aztertu eta sakondu ditzatela gizartearen ezinegonaren benetako arrazoiak, eta erreakziona dezatela».

Greba orokorra

Azaroaren 30erako deituta dagoen greba orokor feminista «mugarri» izan dadin lan egingo dutela azaldu du Muñoak. «Greba honek duen ezaugarri nagusia da Mugimendu Feministak deitu duela» eta, hain zuzen ere, ezaugarri hori kontuan hartuta egingo dute lanuztea prestatzeko lanketa.