NAIZ

Saski Baskonia Arturs Zagarsen atzetik ala udako herriko jaietako «beroaldia»?

Letoniako selekzioako antolatzailea eta Lituaniako Nevezis taldeko jokalaria batez beste 14,2 puntu eta 6 asistentzia ari da lortzen Munduko Txapelketan eta Baskonia antolatzaile baten bila ari da. Baina ACB Ligan Joventutek ditu jokalariaren eskubideak eta lesioekin aurrekari txarrak dauzka.

Arturs Zagars, Alemaniaren aurkako final-laurdenetan Daniel Theisen aurrean.
Arturs Zagars, Alemaniaren aurkako final-laurdenetan Daniel Theisen aurrean. (Yong TECK LIM | AFP PHOTO)

Esan beharrik ez dago Letoniako selekzioko Arturs Zagars antolatzaile titularra Munduko Txapelketa honetako sorpresarik onenetakoa ari dela izaten. Ostegun honetan Italiari 82-87 irabazi ostean, bezperan Alemaniaren aurka azken orduan Davis Bertansek sartu ez zuen hiruko baten erruz final-laurdenetan kanporatuta geratu eta 24 orduren buruan, bosgarren izateko lehian izango da Baltikoko taldea, eta hori neurri handi batean bere antolatzaile titularrari esker da. Eta meritua are handiagoa da Zagarsen kasuan; batetik, 23 urte baino ez dituelako eta bestetik, luzerako min hartuta dagoen Janiks Strelnieks handia ahatzaraztea lortu duelako ere.

Batez beste 14,2 puntu eta 6 asistentzia banatu ditu Munduko Saskibaloi Txapelketan egun Lituaniako Nevezis taldean jokatzen ari den antolatzaileak. Hargatik, ‘El Correok’ Saski Baskoniaren «balizko interesa» plazaratu du. Jakina da Saski Baskonia beste antolatzaile baten bila ari dela Cody Miller-McIntyre eta Nico Mannionekin antolatzaile multzoa osatzeko ACB Liga eta Euroligara begira, eta Vocento taldeko hedabidearen Gasteizko edizioaren arabera, klubak berak onartu ei du «aztertzen ari diren jokalarien zerrenda horretan» Zagars bera ere han omen dela.

Ez da ahaztu behar, halaber, Zagars jokalari ‘kupoa’ dela; hau da, formakuntza ACB Ligan egin zuela, oso gazterik fitxatu baitzuen Badalonako Joventutek eta bere ‘Bressol’ edo haztegi ezagunean lanean jardun eta gero, ACB Ligan jokatzea zer den badakiela.

Tamalez, Zagarsek oso zorte txarra izan zuen lesioekin Badalonan aritu zen urteetan. Orkatilako kanpoko lotailuetan lesio larria izan zuen eta baita pubalgia bat ere. Ondorioz, jokalari gisa izan duen garapena uste baino mantsoago joan da. Hala, Estoniako Kalev Cramo taldera utzita bidali zuen Joventutek bere garaian eta ezin izan zuen jokatu lesio horietako baten erruz. Horren ostean, Alemaniako Basketball Löwen Braunschweig taldean aritu zen, utzita baita ere, Nevezis taldean eta bere herrialdeko selekzioan bere kalitatea erakustea erdietsi duen arte.

Bada, Saski Baskoniak egiaz Zagars nahiko balu, lesioen aurrekari horiek aintzat hartu beharko lituzke. Esaterako, pasa den urtean Daulton Hommesekin oso zorte txarra izan zuen. Jokalariaren belaunak babesteko ohi baino askoz atseden denbora gehiago eman zitzaion eta azkenean ez zuen esperotako errendimendurik eskaini. Are, udan zehar ebakuntza gelatik pasa behar izan du jokalariak, Baskoniarekin zuen lotura behin eten eta gero.

Horrez gain, ACB Ligako eskubideak Joventutek ditu eta, beraz, talde katalanari ordaindu beharko lioke antolatzaile letoniarra fitxatu nahi izanez gero; ez oso ohikoa Baskoniaren jokamoldean, ahal dela kontratua amaitu berri duten jokalariak ekartzean saiatzen baita talde gasteiztarra.

Mateusz Ponitka gogoan

Bestalde, «zer ikusi, hura nahi», dio esaera zaharrak, eta ez da aurreneko aldia selekzioen arteko lehiaketaren baten ostean Baskoniaren «zinezko interesa» plazaratzen denik.

Pasa den urtean jokatu zen Europako Saskibaloi Txapelketa izan liteke adibiderik garbiena. Poloniako selekzioko izarretako bat da Mateusz Ponitka 30 urteko hegalekoa, Zenit San Petersburgotik Panathinaikosera jauzi egin duen jokalari indartsua. Polonia laugarren sailkatu zen Eurobasket hartan, final-laurdenetan Luka Doncic eta Dragic anaien Eslovenia kanporatzea erdietsita, nahiz eta gero, indarge, Frantzia eta Alemaniaren aurka dominak lortzeko neurketak galdu.

Eurobasketa amaitu berritan egundoko harrabotsa sortu zen Gasteiz aldean bere balizko etorrerarekin, batik bat Simone Fontecchio NBAra joan eta Rokas Giedraitisek zer egingo inork ere ez zekielako –baita Ignas Brazdeikis lituaniar-kanadarrak Zalgiris aukeratu zuelako ere Gasteizera etorri ordez–. Hala, Zagars dela-eta Baskoniak erakutsi omen duen «interesa» Ponitkaren inguruan ere ba omen zen. Alabaina, hegaleko poloniarrak Panathinaikos aukeratu zuen azkenean.

Egia da, bestalde, Ponitka anaietan zaharrena –Marcel eta bien arteko ezinikusia tristea bezain publikoa da, bestalde– beti izan dela gasteiztarren gogoko. Gaztea zelarik, 2010ean Hanburgon jokatuko zen Munduko 17 urtez azpiko Saskibaloi Txapelketan zilarrezko domina eskuratu eta gero, behin baino sarriago jo omen du Baskoniak bere atea, baina arrazoi bat dela edo bestea dela, sekula ez du Araba aldera pausorik luzatu. Eta bere bizitza profesionala oparoa ez delako. Polonian bertan ez ezik, Turkian, Belgikan, Estatu espainolean –Tenerifen, Txus Vidorretaren aginduetara–, Errusian eta Grezian jokatu du, baina Euskal Herrian ez, nonbait, eta esan bezala, pasa den urteko Eurobasketeko «beroaldia» amaitu zenean, klubak eta jokalariak bakoitzak bere bidea jarraitu zuen.

Ikusi egin behar Arturs Zagarsen kasuan ere hala izango ote den ala «beroaldiaz» gain ezer serioagorik dagoen. Munduko Txapelketa zapatuan amaituko da Letoniarentzat eta hamabost egun beranduago hasiko de Saski Baskoniarentzat 2023/24 denboraldia. Ez dago tarte handirik zirt edo zart egiteko.