NAIZ

Boiseko Ikastola 25 urtez euskara, kultura eta hezkuntza uztartzen

Euskal diasporan eragile esanguratsua da Boiseko Ikastola, duela ia berrehun urte bertara artzain lanetan joan zirenen oinordekoek sortu zutena. Ostiral honetan 25 urte betetzen ditu, eta euskara zein euskal kultura bizirik mantentzea du helburu.

25 urte bete dira Boiseko ikastola sortu zenetik.
25 urte bete dira Boiseko ikastola sortu zenetik. (Boiseko ikastola)

1860. urte inguruan hasi ziren lehen euskaldunak Boiseko herrira iristen. Artzain joanak ziren gehienak, eta askok bertan geratzea erabaki zuten. Euskal komunitatea geroz eta zabalagoa joan zen egiten, eta 1998an ikastola bat sortzea erabaki zuten. Lehenengo urteetan ailegatu zirenen hirugarren eta laugarren belaunaldiak bertan ikasten dute egun.

25 urte bete dira gaur ikastola hori sortu zutenetik, eta bertakoek azaltzen dute «kezka» bat dutela sustrai kulturalak belaunaldi gazteagoetara iristeko duten ezintasunaren inguruan. Sara Pinter Larrañaga da euskal eskolako irakasleetako bat: «Artzain batzuk etorri ziren Boisera ardiekin lan egitera, eta horregatik sortu zuten hemengo komunitate euskalduna. Eta urte batzuk geroago, guraso batzuek Ikastola bat behar zutela ikusi zuten, euskara eskola bat, eta horrela hasi zen».

Martin Goicoechea izan zen ikastola sortu zutenetako bat, eta GAUR8n argitaratutako erreportaje batean azaltzen du emigrazioan joandako azkenetakoa zela ohartu zela, eta hizkuntzari eustea ez zela hain erraza 330 milioi laguneko herrialde batean: «Ohartu nintzen jende gehiago ez zela heldu Euskal Herritik, eta hori zaindu ezean euskara galdu egingo zela».

Kike Amonarrizek sare sozialen bidez gogoratu du mende laurdena bete duen ikastolaren urteurrena. Ospakizun gisa, Boiseko Euskal Museoan «EUskaraz bizi nahi dut» erakusketa inaguratuko da ostiral honetan bertan.