Jon Ormazabal

Nafarroa Arena egoteko aulkien jokoa

Peña-Rezustak eta Larrazabal-Zabaletak larunbat honetan hasiko dute Masterseko play offa Vianan eta Altuna-Imaz eta Jaka-Martijak igandean Galdakaon itxiko dute. Bi irabazleek eta galtzaileen artean tantorik gehien egiten duen bikoteak egingo dute aurrera.

Antzuolan emandako maila hobetu beharko du Zabaletak Iruñean egon nahi badu.
Antzuolan emandako maila hobetu beharko du Zabaletak Iruñean egon nahi badu. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Irailaren 29an jokatuko diren finalerdiekin beste abiadura bat hartuko du txapelketak, baina, bitartean, umetan denok jokatu dugun aulkien jokoaren antza handia hartzen ari da udaren ardatza izaten ari den Caixbank Mastersa. Lehen zazpi jardunaldiak jokatuta, sei bikotek egin zuten aurrera eta asteburu honetan jokatuko diren play offetan ere, antzera. Hiru toki daude lau bikoterentzat eta beraz, bakarra geratuko da finalerdietatik kanpo.

Iazko txapeldunak, Ezkurdia eta Mariezkurrena, dira, momentuz, Nafarroa Arenan egoteko txartela esku artean duten bakarrak lehen ligaxka horretan lehen postuan amaitu zutelako eta orain Peña-Rezusta, Larrazabal-Zabaleta, Altuna-Imaz eta Jaka-Martija dira aurrera egin nahi dutenak.

Zabaletaren baitan

Vianan ekingo zaio azken-aurreko galbaheari, Peña-Rezusta eta Larrazabal-Zabaletak jokatuko duten partidarekin. Garaipenak Iruñerako bidaia ziurtatzen du, baina galduta, tanto asko egiteak ere izan dezake saririk. Txapelketan erakutsitakoaren arabera, bikote gipuzkoarrak arabarrak eta nafarrak erakutsi ez duten beste berme bat eskaintzen du. Elkar ondo ulertu dute eta tolosarraren sasoiak eta bergararraren segurtasunak oso arriskutsu egiten ditu. Larrazabal gazteak onenerako eta txarrenerako gai dela erakutsi du eta hein handi batean, Zabaletak eman dezakeen mailan egon daiteke kanporaketaren giltza. Bilbon bera izan zen Aste Nagusiko pilotaririk onena eta Ezkurdiarekin batera garaipena eskuratu zuten, aurreko asteburuan, ordea, erabat burumakur amaitu zuen Antzuolan. Bere aurpegirik lehiakorrena berreskuratzen badu, edozeini aurre egiteko ahala dute.

Igandean Galdakaon, gauzak estuagoak egon daitezke antzekotasunak dituzten bi bikoteren artean. Atzean, printzipioz, ez dirudi atzelari batek bestea hautsiko duenik eta aurrelariek tantoak amaitzerakoan erakusten duten eraginkortasunean egon daiteke partida. Ziur astebeteko atsedenak mesede egingo ziola Jokin Altunari eta ziurrenik Donostiako finalaren arantza atera nahiko du Jaka adiskidearen aurka. Oraingo honetan ez dirudi lizartzarrak Atanon izan zuen erraztasunik topatuko duenik atzean, baina berriz ere lehiakor eta oldarkor dabil eta beti da arriskutsua horrela dagoenean.