Erremontea, bere txapelketarik garrantzitsuenean bederen, aro berri batean sartuko da larunbat honetan (16.30 ETB1), Koteto Ezkurraren oinordekotza hartu zuten Urriza, Barrentxea edo San Miguelen ondoren, buruz buruko txapeldun berri bat izango baita; Imanol Ansa edo Aritz Juanenea. Ligaxkan azken urteetako bi erremontistarik loriatuenak atzean utzi ostean, elkarren kontra ariko dira urnietarra eta saldiastarra, bi lagun on, bata bestearen lorpenekin poztu direnak, baina elkar menderatzen saiatuko direnak. Finalak iraun bitartean ez da lagunik izango kantxan.
Banakako partida handietan esperientzia gehiago dauka urnietarrak: semifinaletan aritu izan da, eta Buruz Buruko Masterra irabazi du aurten. «Esperientzia horrek asko lagundu dit; aste ona pasatu dut, momentu hauek kudeatzen ikasi dut esperientziarekin. Asko gozatu dut abuztuan kantxan», adierazi zuen Ansak.
Urtea biribiltzera
Juaneneak ez du banakako finalik jokatu orain arte, baina lau txapel jantzita da aurten: Sagardoaren Txapelketa irabazi zuen Beñat Segurolarekin, Jai Alai Summer Season Endika Barrenetxearekin, Herriz Herriko Txapelketa Josetxo Ezkurrarekin, eta Zarauzko Txapelketa Javier Urrizarekin. Edonola ere, urnietarra ikusten du faborito: «Ligaxkan egurra eman zidan, eta bera da faborito garbia. Tantoak laburtzen saiatuko naiz, bera fisikoki oso indartsua delako, eta luzatuz gero, nagusitu egingo delako. Sorpresa izan da ni finalera sailkatzea, baina ez naiz paseatzera aterako, dagoeneko kunplitu banu bezala».
Ados daude biak, Buruz Burukoaren finala da pelotari guztiek jokatu nahi dutena, eta gogotsu daude: «Egun handia izango da biontzat. Gozatzen saiatuko gara, eta horrela eginez gero, final polita izango da. Biok daukagu aukera ederra, eta baliatu egin nahi dugu», dio Juaneneak.
Urnietako aurreneko txapelduna izan nahi du Ansak Buruz Burukoan, eta laguna menderatu beharko du horretarako: «Joan den astean, berak Barrenetxearen kontra jokatu aurretik, bertso bat bidali nion, esanez ez nintzela harrituko irabazten bazuen. Telebistan ikusi nuen semifinala, eta aulkitik salto egin nuen irabazi zuenean, pozik. Baina igandean kontziente izan nintzen nire aurkaria dela orain, eta finala bukatu arte hemen ez dago lagunik».