Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Arraun Lagunak izan da Kontxako badian jaun eta jabe, eta bigarrenez astindu du bandera

'Lugañene'-k nagusitasunez irabazi du Kontxako XV. Bandera, lehen ziabogan denborarik onena markatuta, eta bigarren luzean erakustaldia emanda. Donostiarra bederatzi segundora utzi du, Orio hemezortzira, eta Tolosaldea 21era. Nadeth Agirre patroiak arrauna utziko du.

Arraun Lagunakeko arraunlariak, poztasunez Kontxako Bandera astintzen.
Arraun Lagunakeko arraunlariak, poztasunez Kontxako Bandera astintzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kolore zuria eta urdina izango du aurtengo Kontxako Banderak. Arraun Lagunak-ek bigarrenez astindu du banderarik preziatuena, eta ligan bezala, Kontxako badian indartsuenak direla erakutsi dute. Azken hamar urteetan emakumezkoetan Euskotren Liga irabazi duenak, urte berean, Kontxa ere eraman du, eta gaur ere, horrela gertatu da.

'Lugañene'-ko traineruan gogo betez ospatu dute garaikurra, 2021ean bezala, baina, oraingo honetan, haien zaleak gertu zituztela. Arrapalara iritsi eta festa hasi da, txaranga eta guzti. Xubane Uribarrena arraunlariak Kontxako Bandera hartu du, eta indartsu astindu du haien zaleen aurrean, gainerako arraunlariak atzean zituela bata besteari helduta. Eguneko irudietako bat izan da.

Orioko traineruko txopan dago eguneko beste albisteetako bat. Nadeth Agirre Orioko patroiak arrauna utziko du, hamabost urteren ondoren, eta hala jakinarazi du estropada amaitu berritan. Orioko popan aro bat markatu du patroiak, hiru Kontxa ditu irabaziak eta beste hainbeste liga. Gaur, ordea, ezin izan dio agur esan bere kirolik maitatuenari Kontxako Bandera astinduta. Urtea «gogorra» egin zaiola adierazi du NAIZ Irratian estropada amaitu ondotik egin zaion elkarrizketan, baina nabarmendu du aurten «hainbeste garaipen» lortu ez dituzten arren, «disfrutatu» egin duela, eta «asebeteta» dagoela.

Hasieran, Orio aurretik

Ohorezko txandarako lehia ezin politagoa egon da, zozketatik hasita. Arraun Lagunak-ek lehen kaletik egin du arraun, Oriok bigarrenetik, Donostiarrak hirugarrenetik, eta Tolosaldeak laugarrenetik. Teorian behintzat, hirugarren eta laugarren kaleak izan zitezkeen mesedegarrienak, baldintza meteorologikoei erreparatuta.

Estropada hasi eta berehala 'Mirotzak' jarri dira aurretik, estropada hautsi nahian. Erritmo bizia ezarri dute Patxi Francesen arraunlariek, eta haien atzetik zihoazen segundo gutxira Donostiako bi traineruak. Tolosaldeak ezin izan du pasa den igandean brankaz egin zuen estropada bikaina errepikatu. Hasieratik oso atzean geratu baita Izaro Lestayo patroiak gidatutako ontzia.

Santa Klarako irla pasata, Donostiako bi traineruek aurrea hartu diote Oriori, eta 'Lugañene' jarri da estropada buruan. Ziabogara Arraun Lagunak iritsi da lehena, ondoren Donostiarra bi segundora, eta laura Orio. Tolosaldeak jada hamar segundo baino gehiagoko galera zuen.

Bigarren luzean Donostiako bi traineruen artean egon da lehia, baina 'Kaiarriba' paladaz palada, atzean geratzen joan da, eta Arraun Lagunak-ek sekulako erakustaldia eman du poparean, alde handiz estropada irabazita, eta Kontxako Banderako egun bakarreko eta bi egunetako errekor berriak ezarrita. Gaurkoan 10:23.28 denbora ezarri du, eta bi jardunaldiak batuta, 21:01.14.

Lehen txandan, Hondarribia garaile

Ohorezko txandan 'Lugañene'-k nagusitasunez irabazi duen bezala, lehen txandan ez da halakorik gertatu. Lehia oso estua izan dute Hondarribiak, Hibaikak, Kaikuk eta Zumaiak. Hurrenkera horretan zeharkatu dute helmuga.

Bosgarren postua zegoen jokoan, ikusita lehen jardunaldian Errenteriako ontziak egin zuela bosgarren denborarik onena. 'Ama Guadalupekoa' izan du aurkari nagusi, eta laugarren kaletik, estropada ona egin du Miren Garmendiak gidatutako ontziak. Eta, hala, bosgarren geratu da Hondarribia.

Zazpi segundoko aldean sartu dira lau traineruak. Beraz, kanporaketei begira, lehia estua espero da Hibaika, Kaiku eta Zumaiaren artean. Hori bai, oraingoz, ikusitakoak ikusita, ematen du Hibaika koska bat gorago dagoela. Baina, hori, hurrengo asteburuan baieztatu beharko du Iñaki Mendizabalen taldeak.

Kontxako XVI. Bandera. Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak: 21:01.14

2. Donostiarra: 21:10.50

3. Orio: 21:19.22

4. Tolosaldea 21:22.14

5. Hondarribia 21:54.80

6. Hibaika 21:55.88

7. Zumaia 22:07.10

8. Kaiku 22:15.16