NAIZ

Bi gazte ikerketapean, haietako bat atxilotuta, «terrorismoa goratzea» egotzita

Gazte bat atxilotu du Ertzaintzak gaur goizaldean Hondarribian, agintarien aurkako atentatua leporatuta. Hori eta beste gazte bati ikerketa ireki diete, «terrorismoa goratzea» egotzita.

Lakuako Segurtasun Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, gertakariak igandea goizaldeko ordu biak aldera izan dira, jaietan murgilduta dagoen Hondarribian. Ertzaintzak herriko Udaltzaingoaren abisu bat jaso du, «esanez bi gazte zeudela ‘Gora ETA Militarra’ eskuz idatzita zuen ikurrinarekin».

Poliziaren bertsioaren arabera, ertzainen patruilak bertaratu direnean, 17 eta 19 urteko bi gazteak identifikatu eta ikurrina atzeman diete. Identifikatzen saiatu direnean, bietako zaharrenak uko egin dio eta «desobedientzia iraunkorra» egin die poliziei. Atxilotu eta polizia-etxera eraman dute, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu bat egotzita.

Bi gazteak ikerketapean daude, «terrorismoa goratzea» leporatuta.