Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nagore Belastegiren ‘Zirriborroak’, patxada eta gogoetarako 13 istorio, irudiz lagundurik

Biluzteko beharra zuen Nagore Belastegi Martinek, nahiz eta lotsatu. Motibazio horrekin, eta hurbilekoen babesarekin, eman du denbora luzez ondutako 13 ipuin argitaratzeko pausoa, Koldo Landaluze Dukeren 13 ilustrazioz lagunduta. ‘Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak’ liburua da emaitza.

Nagore Belastegi eta Koldo Landaluze, ‘Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak’ liburuarekin, asteazken honetan Legazpin.
Nagore Belastegi eta Koldo Landaluze, ‘Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak’ liburuarekin, asteazken honetan Legazpin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Aunitz gustatzen zaio jendeari begiratzea, harreman eta erreakzioei erreparatzea. Zer bizitza ote dute? Zergatik mugitzen dira horrela? Nagore Belastegi Martin (Legazpi, 1987) beti ari da istorioak imajinatzen, baina orain hartu dute lehendabiziko aldiz liburu forma bere testuek, Koldo Landaluze Duke (Bilbo, 1965) ilustratzailearen irudiekin elkarrizketan. Zergatik orain? «Biluzteko, zabaltzeko beharra sentitzen nuen, ‘hau naiz ni’ esateko. Nahiz eta lotsa eman».

‘Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak’ (Círculo Rojo, 2023) album ilustratu bat da, etxeko apalean izatea gustatzen zaion artelan horietako bat. 13 ipuin dira, 13 ilustrazioz lagundurik. Baten bat arkatzarekin bakarrik egin du, bertzeei akuarelarekin eman die kolorea. Irudiak testuen irakurketa libretik sortuak dira, artistak askatasun osoa izan du marrazteko, eta magikoa izan da idazleak izenburua pentsatu aitzinetik marrazkilariak zirriborro estiloa nahi zuela argi izatea.

13aren indarra

Belastegirentzat magikoa da 13 zenbakia ere, aunitzentzat madarikatua izan arren. Horregatik, hasieran 11 ipuin bazituen ere, bi berri sortu zituen propio. 13 euroko prezioa jarri dio liburuari eta irailaren 13an aurkeztu du. Ia erditze bikoitza izan du. Haurdun dago, hilabete falta da bakarrik umea jaiotzeko eta bazuen kezka aurreratuko ote zen. Pasatzeko gogoa ere bai, gorputzean eta sentsazioetan zentratzeko. 

Azkenean aurkeztu ahal izan du, bere herrian, Legazpin, etxeko, lagun eta ezagunez inguratuta, Landaluzerekin batera. Kultur etxeko aretoa bete egin da eta poz-pozik gelditu dira idazlea eta marrazkilaria. Ale ugari sinatu dituzte.

 

Legazpiko kultur etxean jende pila bat bildu da Nagore Belastegiren eta Koldo Landaluzeren aurkezpena aditzeko. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

 

«Liburua ez da umeentzat, helduentzat da», argitu du egileak. «Ez haur eta gaztetxoek ezin dituztelako jorratzen diren gaiak ulertu, baizik eta bizi esperientzia pixka bat eduki behar delako bere sakontasunean jasotzeko».

Banan-banan

Helburua enpatia eragitea da. Ipuinak banan-banan irakurtzea proposatzen du Belastegik, egunean bat, ea zer sortzen dizun. «Agian batek ez dizu ezer esango, baina beste batek bai. Pertsonaiaz hausnartu, zer pasatu zaion aurretik, zer gertatuko zaion ondoren. Istorio batzuetan ez da ezer gertatzen; egoera bat deskribatzen da, edo egoera baten gogoeta egiten da».

Denbora luzean idatzitako testuak dira. Bi kenduta –‘Beldurrari lotua’ eta ‘Ur gazia’– denak nahiko aspaldikoak dira, baina berrituak. «Momentuan ideia bat sortu, eta mugikorrean edo agendan apuntatzen nuen esaldi bat. Hortik abiatzen nintzen. 13 ipuinak oso ezberdinak dira, amankomunean dute bizitza, errealitatea, gauza arruntak. Bada istorio bat beldurrezkoa, eta espero dut hori inori ez gertatzea, baina beste egoeretatik denok pasatzen gara, edo gertu ditugu. Bizitza da gaia, eta bizitzan gauza asko daude, onak eta txarrak. Bai saiatu naiz txarrei azken begirada positibo bat ematen».

Begirada horretan, une txikien gozamena dago, mota ezberdinetako maitasunak, galerak, desirak, gaixotasuna, heriotza... Pertsonaiak ere anitzak izaten saiatu da legazpiarra.

Abiapuntua, unibertsitateko blog bat

Honen guztiaren hasiera urrun samar dago, unibertsitate garaian. Orduan blogak puntakoak ziren eta irakasle batek erakutsi zien bloga zabaltzen. «Lagunen artean sortu genuen bat eta gustuko nuela ikusita nirea ireki nuen. Ez zuen inork irakurtzen, lagunen batek akaso. Egunerokoa bezala zen. Egun batean istorioak kontatzen hasi nintzen».

Gerora, arratsalde batean lagunartean hitz egiten, aipatu zuten ideia ona izaten ahal zela testu horiek adiskide baten ilustrazioekin eta bertzearen diseinuarekin elkartzea. «Emozionatu ginen. Ez zen atera, baina ideia buruan geratu zitzaidan. Testuak aukeratu nituen, batzuk moldatu eta hankaz gora jarri nituen. Argitaratzeko beharra sentitu nuenean lagun ilustratzaileari komentatu nion ea prest zegoen, eta oso lanpetuta zebilenez, beste norbait bilatu nuen».

Askatzea

NAIZeko kazetaria da Belastegi, eta lantokian bertan topatu zuen laguntza. 2021eko gabonetan Koldo Landaluze lankidearengana jo zuen. Segituan erran zion baietz. Ilustratzaile gisa aritu da Zumaiakoa ‘En estas casas ya se sabe’ eta ‘Crónicas de piratas, corsarios y filibusteros’ lanetan. ‘Las hogueras del reino’, ‘Días de barrena’ eta ‘Los perros del rey’ ere idatziak ditu.

 

Koldo Landaluzek bere tresnak eraman ditu, eta marrazki bidez sinatu ditu liburuak. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

 

Urtebeteko prozesua egin zuten biek, eta uztailerako liburua esku artean zuten. «Bertigoa» sentitu zuen idazleak, «ez delako berdina zerbait egin behar duzula esatea eta egina izatea». «Zabaldu egin behar duzu eta beldurra ematen dit jendeak irakurtzeak», aitortu du, nahiz eta, hain zuzen ere, horretarako plazaratu duen.

«Unibertsitateko garaitik hona asko aldatu naiz. Agian bidean lagun batzuk galdu ditut, baina gelditu direnak dira benetan maite eta ezagutzen nautenak. Lehen konplazienteagoa nintzen, jendeak nahi zuen bezalakoa, bola bat bezala nuen barruan eta askatzea oso lagungarria izan da. Asko geratzen zaigu aldatzeko bizitzan, baina orain arteko prozesua hau da».

Testuak pertsonalak dira; badira bi ia guztiz egia, bertze guztiak fikzioa dira, ordea. Badute oinarrian zerbait egia, fantasia guztiek bezala. Alaba bakarra izaki, txikitan aunitz jostatzen zen bakarrik. Garraio publikoa ere begiraleku aparta izan du.

Feedbacka

Liburuaren amaieran, eskertzarekin batera, email helbide bat utzi du iritziak biltzeko. «Ipuin ez oso luze hauek modu bat izan daitezke euskaraz irakurtzen hasteko. Nire gurasoek irakurri ahal izateko gaztelaniara itzuliak ditut, eta interesa duenak itzulpena eskatzen ahal dit».

Momentuz hagitz hurbilekoen feedbacka jaso du. «Badira pare bat ipuin gehienen faboritoak direnak. Batzuek harritu naute: ‘Honekin identifikatu naiz, duela 10 urte halakoa nintzen’ esan didate, edo ‘hala sentitzen naiz askotan’».

Legazpiko hiru dendatan eta berak salduko ditu momentuz. Ongi badoa, bigarren edizio bat aterako dute eta internetez erosteko aukera zabalduko dute.

Idazleak istorioak imajinatzen segitzen du, esaldiak apuntatzen eta galtzen. Lasaiago dabilenean, aurkitzen baditu, sortuko ditu ipuin berriak.