NAIZ

Beste lurrikara batek astindu du Maroko; 3.000 dira jada hildakoak eta 5.600 inguru zaurituak

Joan den ostiraleko lurrikararen 4,6 graduko erreplika batek Maroko astindu du goizaldean. Dagoeneko 3.000 dira lurrikarak utzitako hildakoak eta 5.600 baino gehiago zaurituak.

Erreskatatzaileak eta herritarrak suntsitutako eraikin batean, Marokoko erdialdeko Amizmiz inguruko herrixka batean, irailaren 13an.
Erreskatatzaileak eta herritarrak suntsitutako eraikin batean, Marokoko erdialdeko Amizmiz inguruko herrixka batean, irailaren 13an. (Bulent KILIC | AFP)

Beste lurrikara bat izan da ostegun honetan Marokoko erdialdean. Goizalean izan da erreplika eta Richter eskalan 4,6 graduko indarra hartu du. Joan den ostiralekoa 6,8 gradukoa izan zen eta 3.000 dira dagoeneko haren ondorioz hildakoak. Litekeena den zifra igotzea, oraindik gorpuen bila ari baitira. Horrez gain, 5.600 pertsonatik gora zauritu zituen.

Agintarien azken balantzearen arabera, 2.950 pertsona inguru hil dira zehazki. Marokoko Barne Ministerioak zehaztu duenez, 2.946 hildako eta 5.674 zauritu baieztatu dituzte orain arte. Halaber, azaldu du gehien kaltetutako probintzia Al Hauz dela, bertan baitago lurrikararen epizentroa; 1.684 hildako izan dira bertan.

Azken erreplika handi hau 7.00ak aldera jazo da eta Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Institutuak (USGS) 9,7 kilometroko sakoneran kokatu du lurrikararen jatorria. Ostiraleko lurrikaraz geroztik izandako erreplika indartsuenetako bat da, nahiz eta Euro-Mediterraneoko Sismologia Zentroak (CSEM) asteazkenean gertatutako 3,5 magnitudeko bi erreplika ere erregistratu zituen.

USGSren arabera, 20 lurrikaratik batek, Marokokoak kasu, antzekoa edo indartsuagoa izan daitekeen erreplika bat eragiten du hurrengo astean, nahiz eta denbora igaro ahala horrelakorik gertatzeko aukerek behera egiten duten.

Iturri beraren arabera, errepliken kopuruak eta magnitudeak pixkanaka murriztearen probabilitatea %98koa da. Beraz, erreplikak ez lirateke horren indartsuak izango, baina eragina izan dezakete aurretiaz hondatuta dauden eraikinetan.

Badago, ordea, %2ko probabilitatearekin bada ere, lurrikara bera bezain indartsuak diren erreplikak jazotzeko aukera ere. Lehen lurrikara baino indartsuagoa den beste bat gertatzeko aukera, aldiz, %1ekoa baino ez da, eta honek bere erreplika sekuentzia propioa ekarriko luke.