Jon Ormazabal

Rezustaren zuzentasunak, eta freskotasunak, bete du Ezkurdiaren inspirazio falta

Erik Jakak partida ona jokatu du, denbora askoan defentsan aritu beharrean errematean zorrotz arituta, baina partida hogehina berdindu ostean garaipenak ihes egin die lizartzarrari eta Albisuri.

Beñat Rezustaren zuzentasunak Jakaren zorroztasunak baino gehiago balio izan du Logroñon.
Beñat Rezustaren zuzentasunak Jakaren zorroztasunak baino gehiago balio izan du Logroñon. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Ez sufrimendurik gabe, baina Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak eraman dute sanmateotako lehen puntua, azkenerako asko gogortu den partida batean Erik Jakari eta Jon Ander Albisuri 22-20 gailenduta. Borobila ez, baina kontrastez beteriko partida izan da Logroñoko feriako aurrena, Ezkurdiak erasoan izan ez duen inspirazioa Erik Jakak jarri duelako eta atzean aldiz, Beñat Rezsutak izan duelako Jon Ander Albisuk faltan bota duen zuzentasuna. Azkenerako, bergararraren zuzentasunak lizartzarraren zorroztasunak baino etekin handiagoa eman dien Aspekoei eta ziurrenik irabazi beharrekoa izango duten hurrengo partidarako freskatzeko astia emango die gaurko garaipenak.

Partida hasieratik, Aspekoena izan da piloteoaren kontrola. Aurrean, Joseba Ezkurdiak bultza egin du bere boleekin, baina batez ere Beñat Rezusta izan da nabarmendu den pilotaria. Ohiko segurtasunari freskotasuna gehituta, atzelari ezkerrak ia beti bizkarra erakutsi dio lehen pilotakadatik deseroso aritu den Albisuri.

Partida hasiera Logroñoko Adarragan izan den sarreran antzekoa izan da, hotza eta triste xamarra, egindako tanto gutxi eta galdutako gehitxorekin. Alerik ederrenak Erik Jakak utzi ditu, txokoan min handia eginez arerioei, baina gehienean oso urrundik sartu behar izan du eta horrek bere huts kopurua ere handi xamrra izatea ekarri du. Bezperan Altsasun gauza politak egina zen Ezkurdia, baina gaur Logroñon kamuts, ideiarik gabe, aritu da berriz ere arbizuarra eta hau izan da, hein handi batean, gorriek markagailuan ihes egin ez izanaren arrazoia. Lanerako borondaterik ezin ukatu sakandarrari, gaur ere pilotakadarik gehien jo duen pilotaria bera izan da aurrelaria izanda, baina benetan arriskutsua egiten duen ezker gantxoa martxan jarri ezinda jarraitzen du.

Susto handia

Partida erdi aldera gauzak nahiko erabakiak zeudela zirudien Aspekoak 13-6 aurreratu direnean, baina Jakak olatu ona hartu eta partida zertxobait orekatzea lortu du (13-10). Dena dela, bolada on horrek ez du lehia orekatzeko adinako jarraikortasunik eduki eta gorriek berriro ere ihes egin dute markagailuan. Zehaztasun handirik gabe izan bada ere, boleakadei indarra emanaz, Joseba Ezkurdia ere tantoak pilatzen hasi da eta bigarren atsedenaldi luzerako berriz ere zazpi tantotako aldea berreskuratu dute.

Partida ixtea, ordea, espero baino gehiago kosta zaie, orduantxe egin baititu Rezustak partida osoan egindako huts bakarrak –18-13koan erantzun gabe utzi duen sake bat eta segidan erori zaion beste pilota bat– eta urdinak berriro gerturatu zaizkie. Are gehiago, birritan huts egin eta gero, partida berdintzea ere lortu dute (20-20). Hala ere, azken txanpa horretan bere ibilia nahikoa zuzendua zuen Albisuri partida lurrera erori eta partidak ihes egin die, azken tantoan ere zorte handirik izan ez dutelako.

Artola, berera

Une batean txakalalditxo bat izan badu ere, Logroñoko binakako torneoan lekurik eman ez dioten Iñaki Artolak berera jarraitzen du eta, Martxel Iztueta txukun batek lagunduta, 22-15 irabazi diete Elezkano-Tolosari lehen partidan. Alegiarrak denera 13 tanto amaitu ditu, horietako 8 airez eta badirudi aurten Lau eta Erdikora jokoan helduko dela.

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Rezusta: 22

Jaka-Albisu: 20

Pilotakadak: 616. Iraupena: 71,53 minutu. Markagailua: 0-1, 5-1, 5-2, 8-2, 8-3, 9-3, 9-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-6, 13-6, 13-10, 16-10, 16-11, 18-11, 18-17, 19-17, 19-18, 20-18, 20-20, 22-20. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 2 Jakak. Egindakoak: 5 Ezkurdiak, 1 Rezustak, 11 Jakak eta 0 Albisuk. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak, 1 Rezustak, 6 Jakak eta 8 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera tristea Adarraga pilotalekuan sanmateotako feriaren lehen jardunaldian. Lehen sakea gorri.