Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Mikel Mendizabal: «Euskararen inguruan garrantzi gehiegi eman zaio zuzentasun gramatikalari»

‘Euskara orain. Eraginkortasuna helburu’ liburua aurkeztu du Mikel Mendizabal koordinatzaileak. Aditzak sinplifikatzeko eta sintaxi eraginkorragoa garatzeko premia aztertzen du, Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca, Jesus Rubio eta Haitao Liurekin batera.

Iñigo Lamarca, Mikel Mendizabal eta Jesus Rubio, liburuaren aurkezpenean.
Iñigo Lamarca, Mikel Mendizabal eta Jesus Rubio, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Alberdania argitaletxearen eskutik, Mikel Mendizabalek ‘Euskara orain. Eraginkortasuna helburu’ saiakera aurkeztu du Donostiako udal liburutegian. Azaldu duenez, Valter Tauli hizkuntzalari estoniarraren ideietatik abiatuta egin du lan, eta liburu honetan «euskararen egungo egoera aztertzen da, baina ohikoa ez den ikuspegitik».

Egileak eta liburuan parte hartu duten Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca eta Jesus Rubio izan dira aurkezpen ekitaldian. Haitao Liu hizkuntzalari txinatarrak osatu du lana.

Egileen ustez euskara «gaur egun eskas dabil eraginkortasunaren alorrean». Hau errotik aztertu eta iraultzeko beharra ikusten dute. Izan ere, Mendizabalek azpimarratu duenez, «gaur egungo elkarrizketetan ez erabilgarria izateko arriskua du euskarak».

Valterrek aipatzen zuen hizkuntza baten eraginkortasun komunikatiboak duen garrantzia. Hortik tiraka, hizkuntzek «eraginkortasunera jotzeko duten joera» aipatu du Mendizabalek: hitzak murriztu, aditzak sinplifikatzeko joera...

Bere hitzetan, hizkuntzek alde komunikatiboa eta sentimentala nahiz kulturala dute. «Komunikatibotik aztertuta beste edozein teknologia bezala aztertu behar da: zerk eskatzen du ahalegin gehiago? Nola da efizienteago?» Egilearen iritziz, «jendeak beti erabiliko du hizkuntza errazena eta eraginkorrena».

Horrekin talka egiten du zuzentasun gramatikalak. «Zer da zuzena eta nork erabakitzen du? Kontuan hartzeko debate bat da». Horregatik, eguneroko elkarrizketetan jarri du hemen ere ikusmira Mendizabalek. Aldiz, honen aburuz, «euskararen inguruan gehiegizko garrantzia eman zaio zuzentasun gramatikalari».

Honen aurrean euskalki askok eredu bat aurkeztu dezaketela uste du. «Baina hautatu da eredurik zailena. Lehendakariak diskurtso bat emateko bai, baina egunerokorako...»

Jesus Rubio hizkuntzalariak hitzen ordena eta honen eraginkortasuna izan ditu mintzagai. Aditza esaldiaren hasieran edo amaieran? Hainbat eredu jarri ditu mahai gainean. «Oso gutxi aztertu da hizkuntzalaritza funtzionala».

Xabier Amuriza idazleak ere aditza ipini du ikusmiran eta zorrotzagoa izan da. «Aditza sinplifikatzen ez bada, hizkuntza honek ez du etorkizunik». Bere hitzetan, aditz formen %25a ez da erabiltzen eta beste %25a gaizki erabiltzen dira.

Euskara ikasi eta irakasterakoan suertatzen ziren zailtasunek bultzatu zuten Lamarca euskararen eraginkortasunean sakontzera. Hala ere, «euskara egokitzeko eta eboluzionatzeko gaitasun handia duen hizkuntza» dela nabarmendu nahi izan du eta horren eredu jarri ditu gaur egungo sare sozialak, non «gazteak berriro euskalkiak erabiltzen ari diren, komunikatzeko, askoz modu naturalagoan».