NAIZ

Frantziar Estatuko hegazkinek eta autobideek ekarpen ekologikoa ordaindu beharko dute

Frantziar Gobernua 2024ko aurrekontuan «ekarpen fiskal bat» prestatzen ari da, abiazioari eta autobideei ezarriko zaiena «trantsizio ekologikoa» finantzatzeko, berotegi efektuko gas asko isurtzen dituzten sektoreak direlako.

Air France-ko hegazkin bat. (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS)
Air France-ko hegazkin bat. (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS) ( (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS))

Clement Beaune frantziar Garraio ministroak azaldu duenez, «modalitate zehatza oraindik eztabaidatzen ari dira» datorren asteko aurrekontuaren aurkezpenari begira, baina «berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten sektoreetan, ibilgailuen trafikoaren eta abiazioaren zerga ekarpena egongo da».

Hegazkin txartelei zerga berri bat ezarriko zaien edo zama aireportuetarako izango den galdetuta, «azkenean gauza bera da» erantzun du, aireportuek gehiago ordaindu behar badute, hori hegazkin txarteletan jasanarazten delako.

Autobideak kudeatzen dituzten enpresei zerga berri bat ezartzeko aukerari dagokionez –epaitegietan errekurritu egingoko dutela ohartarazi dute–, ministroak nahiago izan du «trantsizio ekologikorako ekarpena» terminoa erabiltzea «politika publikoak finantzatzeko» helburuarekin.

Horrek bidesarien prezioa igotzeko dakarren arriskuari dagokionez, zehaztu du bilakaera emakida kontratuek arautzen dutela.

Frantziar autobideen emakidadun nagusiak Eiffage eta Vinci taldeak eta espainiar Estatuko Abertis taldea dira. Talde horiek 2031-2036 arteko kontratuak dituzte ustiapenerako, eta urteko errebalorizazio-mekanismo bat finkatzen dute. Mekanismo horretan, inflazioak %75 zehazten du, eta gainerako %25 inbertsio espezifikoen araberakoa da.

Gobernuko iturriek aurreratu dutenez, hemendik 2030era 2.000 eta 3.000 milioi euro artean biltzea espero dute, autobideei «ekarpena» eginez.